Maite Maiora garaipenaren bidera itzuli da Tolosaldeko 3 Tontorrak lasterketa irabazita

Barren.eus 2018ko eka. 18a, 11:12

Zegama-Aizkorrin bizi izan zuen "amesgaiztoa" eta gero, lehiaketetara itzultzeko lasterketa asko zituen aukeran Maite Maiorak, baina etxetik gertukoa aukeratu du, Tolosaldeko 3 Tontorrak mendi maratoia. Sentsazioak berreskuratzea zen Maioraren ardura nagusia, eta indarrez jarraitzen duela ikusi du. Hamasei minututik gorako aldea atera zion bigarren emakumezkoari.

Tolosaldeko 3 Tontorrak (T3T) mendi maratoia jokatu zuten domekan 340 lagunek. Tolosako Trianguloa plazatik irten ziren antxitxikariak eta Hernio (1078 metro) mendiraino igo ziren. Maite Maiora sendo iritsi zen tontorrera. Ia zazpi minutuko aldea atera zion Maite Etxezarretari. Aurkariekiko aldea gizendu zuen Maiorak helmugara bitartean eta hamasei minutu eta 23 segundoko aldea atera zion bigarren postuan helmuga gurutzatu zuen Maite Etxezarretari. Mendaroko saltakariak bost ordu, minutu bat eta hamazazpi segundoan osatu zuen lokatzez beteta zegoen 42 kilometroko ibilbiea. Zegama-Aizkorrin proba bertan behera laga ostean korritzen zuen lehen proban sentsazio onak nabaritu dituela adierazi du Maiorak. Helmugara iristean Tolosako plazan bilduta zegoen jendearengandik jasotako animoek ez daukatela preziorik ere esan du. Iban Fernandez elgoibartarrak ere hartu zuen parte T3T lasterketan. 113. postua lortu zuen 6:19:20ko denbora eginda. (sailkapenak)

T3T mendi maratoiko argazkiak Tolosaldeko Atarian

Maite Maiorak lur jota gelditu zen Zegama Aizkorri mendi maratoitik erretiratu behar izan zuenean. 2017an Zegama Aizkorri irabazita ametsa egi bihurtu zuen moduan, aurtengoa "amesgaiztoa" izan zela idatzi zuen sare sozialetan zabaldu zuen idatzian. "Bizitzea falta zitzaidan Zegama izan da aurtengoa. Lehen kilometrotik etxera joan nahi nuen, ez nuen nahi presioz beteriko motxila horren zamarekin korrika egin. Ez nintzen gai mendiaz gozatzeko, ez eta euren animo oihuekin hauspotzen ninduten zaleez gozatzeko ere... oraingoan ezin nuen. Hanka onekin nentorren mundialetik, baina burua ez neukan prest. Eta gidaririk gabe bere bidetik irteten da trena", idatzi zuen.

Tolosako mendi maratoian ez zela garaipenaren bila irten esan du Maiorak, fisikoki eta gehienbat buruz indarrez jarraitzen duela ikustera baizik. Bistan da korrika egiteko gogoak berreskuratu dituela, eta lasterketak irabazteko orain arte erakutsi duen gaitasunak hor dirauela.

Aurrerantzean lasterketa motzagoak egin nahi dituela adierazi du Maiorak. Maratoiak eta ultra distantziako lasterketa luzeak alde batera laga eta 20 eta 30 kilometroko lasterketetan parte hartzeko asmoa du. Hasteko, Fuente De-ko Kilometro bertikalean hartuko du parte datorren zapatuan.

2018 06 17 tolosaldeko 3 tontorrak maite maiora atariaeus