Munduko mendi jarduera onena saritzen duen Urrezko Pioleta irabazteko hautagaien artean da Aritza Monasterio

Barren.eus 2018ko eka. 18a, 09:48

Mendiko ekintza handi eta gogoangarrienak saritzen ditu Piolet d'Or edo Urrezko Pioleta izeneko sari prestigiotsuak. 2018koa irabazteko 58 mendi jarduera daude hautagaien zerrendan. Horietako bat da Aritza Monasterio elgoibartarrak eta Alik Berg kanadarrak Peruko Hualcan mendian (6.122 m.) zabaldu zuten bidea.

Alpinismoaren balioak nabarmentzea eta zabaltzea ditu xede Urrezko Pioleta sariak. Urtean zehar eginiko mendi espedizio aipagarrienaren protagonistek jaso ohi dute. 1991n jaio zen Guy Chaumereuil eta Jean-Claude Marnier frantziarren eskutik. Gaur egun alpinismoaren jai gorena da.

• Urrezko Pioleta irabazteko 58 hautagai

2017ko hainbat mendi ekintza aztertu ostean, 58 daude Urrezko Pioletaren 26. edizioa eskuratzeko hautagaien zerrendan. Mendiak igotzeko estiloak edo moduak eta erabilitako baliabideek tontorrera igotzeak berak baino garrantzi handiagoa dute alpinismo modernoan, eta ezaugarri horiekin bat egiten duten jarduerak aukeratu ditu Urrezko Pioleteko epaimahaiak. Nepal, India eta Pakistango mendietan eginiko jarduerak dira gehienak, baina hautagaien artean daude Alaskan, Kanadan, Antartikan, Groenlandian, Patagonian, Alpeetan edo Peruko Alpeetan eginiko jarduerak ere. Horien artean da Aritza Monasterio elgoibartarrak eta Alik Berg kanadarrak Peruko Nevado Hualcan mendian (6.122 m.) zabaldu zuten bidea. 1.000 metroko bidea ireki zuten mendiaren ipar horman, 2017ko uztailean. Nadie sabe nada (ED1, M6, 85º, VI) izena jarri zioten inork igo gabeko hormatzarrean zabaldutako bide berriari.

Ekainaren amaiera aldera jakinaraziko dute Urrezko Pioletaren irabazlea zein den. Sari banaketa ekitaldia, baina, irailaren 20tik 23ra bitartean egingo dute Polonian, Ladek Mountain jaialdiaren baitan. Frantziatik kanpo egingo duten estreinako aldia izango da aurtengo sari banaketa ekitaldia.

Lotura duten albisteak:

2017 11 28 monasterio aritza hualcan carane linea aritza monasterio