Eider Iglesiasek brontzea lortu du luzera jauzian Euskadiko txapelketan

Barren.eus 2018ko eka. 6a, 10:08

Mintxeta taldeko atletak hainbat lehiaketatan lehiatu ziren aurreko asteburuan, etxetik gertu batzuek eta hurrunago beste batzuek. Eider Iglesiasek eta Martin Hernandezek aire libreko Euskadiko Txapelketa Absolutuan hartu zuten parte eta Iglesiasek brontzea irabazi zuen luzera jauzian. Nerea Sasiainek, bestalde, Espainiako selekzioarekin korritu zuen Portugalen, eta hirugarren postua lortu zuen 400 metroko proban.

Asteburu betea izan dute Mintxeta Atletismo Taldeko kideek. Ander Armendia izan zen lehiatzen lehena, joan den barixakuan. Armendiak Alfonso Posada atletismo sarian hartu zuen parte Galiziako Vigo hiruan. 400 metroko lasterketan egin zuen saltaka eta 11. postua eskuratu zuen 53 segundo eta 69 ehuneko marka eginda. 

• Sasiain hirugarren, Portugalen
Zapatuan Nerea Sasiainen txanda izan zen. Espainiako atletismo selekzioarekin aritzeko deitu dute estreinakoz Mintxetako antxitxikaria, eta Copa Ibérica sub18 Portugal-España txapelketan egin zuen debuta, Portugalgo Abrantes hirian. Sasiain hirugarren postuan sailkatu zen 400 metroko lasterketan, haizea dela eta bere markatik urrun gelditu bazen ere. Espainako selekzioaren deiaz gainera, Euskadikoarena ere jaso du Sasiainek, Martin Hernandez taldekideak bezalaxe. Ekainaren 9an Ciudad Realen jokatuko duten 18 urtez azpikoen Espainiako Federazio Autonomikoen arteko Txapelketan lehiatzeko deitu dituzte Mintxetako bi atletak.
Brontzea Eider Iglesiasentzat Euskadiko txapelketan
Senior mailako atletek aire libreko Euskadiko atletismo txapelketa jokatu zuten asteburuan Durangon. Eider Iglesiasek luzera jauzian hartu zuen parte eta txapelketa bikaina osatu zuen. Lau metro eta 85 zentimetroko jauzia eginez hasi zuen lehia, baina hurrengo bost jauzietan bost metroak gainditu zituen, eta azken jauzia izan zen onena: bost metro eta 30 zentimetro. Bere marka pertsonala ontzeaz gainera, brontzezko domina eskuratu zuen jauzi horri esker. Bi zentimetro gehiagoko jauzia egin zuen bigarren sailkatuak, Atletismo Portugalete taldeko Aida Ruizek. Sendoa taldeko Alicia Ruanak irabazi zuen urrea 5,40 metroko jauziarekin. Martin Hernandezek ere hartu zuen parte Euskadiko txapelketan. Mintxetako atleta 800 metroko lasterketan lehiatu zen eta zortzigarren postua lortu zuen (1:57.31). (sailkapenak -PDF-)

nerea sasiain mintxeta elgoibar espainia selekzioa portugal