Maite Maioraren ezina ezustekoa izan da Zegama-Aizkorrin

Barren.eus 2018ko mai. 29a, 15:53

Zegamara begira izan dira asteburuan kirolzale asko. Barixakuan, Zegamako kilometro bertikala jokatu zen, Skyrruner National Serieserako proba puntuagarria, eta atzo, Zegama-Aizkorri mendi maratoi entzutetsua, munduko txapelketako proba. Batean zein bestean lehiatu dira gure ordezkariak, eta tartean ezusteko mingotsik ere izan dugu: Maite Maiorak lasterketa laga behar izan zuelako atzo.

Iazko Zegama-Aizkorriko garaileak – Stian Angermund-Vik norvegiarra eta Maite Maiora mendaroarra – jotzen zituzten faboritotzat kiniela gehienetan, baina Maiorak ez zuen bere egunik onena izan, eta Sancti Spiritun, ibilbideko 21. kilometroan, lasterketa laga behar izan zuen. Duela bi aste ultra distantziako Munduko Txapelketan parte hartzetik zetorren, eta buruak ez zion lagundu atzo. Azkenean, Remi Bonnet suitzarrak eta Ida Nilsson suediarrak jantzi zuten txapela, nagusitasun osoz. Remi Bonnetek lau ordu azpitik behar izan zituen lasterketa amaitzeko, 3:53:56, eta Nilssonek 4:38:38an osatu zituen 42 kilometroak. 

Gizonezkoetan, Stian Angermund-Vik norvegiarrak eta Bartolomiej Przedwojweski poloniarrak osatu zuten podiuma. Ezaguna da gure artean poloniarra, hirugarren sailkatu zen mutila, apirilean berak jantzi baitzuen txapela Mendaroko Kilimon Trail mendi-lasterketan. Bitxikeria moduan aipatu behar dugu Mendaron oparitutako Kilimon Trailen logotipodun galtzerdiak soinean zituela egin zuela maratoia, eta harro erakutsi zizkiela helmugan zeudenei. “Helmugan sartzeaz bat, bera etorri zitzaidan ‘look at this’ esanez. Besarkada estua eman zidan”, kontatu du Josu Juaristi, Kilimon Traileko antolatzaileetako batek. Egindakoa ezin sinetsita helmugaratu zen poloniarra. Emakumezkoetan, berriz, azken gailurrean, Andraitzen, erabaki zen lasterketa. Ida Nilsson izan zen nagusi, eta Laura Orgue kataluniarrak (4:45:46) eta Ruth Croftek (4:48:41) osatu zuten podiuma.

Gure ordezkarien artean, Gorka de la Horra elgoibartarrak egin zuen denbora onena. 50. postuan sailkatu zen De la Horra, 4:38:32ko denborarekin. Haren atzetik sartu ziren gero, Ander Barrenetxea (4:41:51), Ioritz Conde (4:56:24), Gotzon Zulaika mendaroarra (4:58:11), Mayi Mujika (5:54:00), Ainhoa Lendinez (6:23:44) eta Asier Arzamendi (6:37:39). Mayi Mujika lehen gipuzkoarra izan zen emakumezkoetan, eta seigarrena Euskal Herriko saltakarien artean.

• Kilometro bertikala, barixakuan

Gizonezkoetan, Remy Bonet izan zen azkarrena ostiraleko kilometro bertikalean, 31:24ko denborarekin, eta Oriol Cardena (32:02) eta Imanol Goñi (33:45) sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuan. Aipagarria da, baina, Iñigo Lariz elgoibartarrak lortu zuen zortzigarren postua. Larizek 35:58ko denbora behar izan zuen. Emakumezkoetna, berriz, Christel Dewallek (37:36), Emma Pooleyk (39:20) eta Jessica Pardinek (39:58) osatu zuten podiuma. Ainhoa Lendinez elgoibartarrak 45:21ko denbora egin zuen eta 110. postuan sailkatu zen.

2018 05 26 zegama aizkorri maratoia elgoibar mendaro3

2018 05 26 zegama aizkorri maratoia ainhoa lendinez

2018 05 26 zegama aizkorri maratoia elgoibar mendaro

2018 05 26 zegama aizkorri maratoia elgoibar mendaro5

2018 05 26 zegama aizkorri maratoia elgoibar mendaro6

2018 05 26 zegama aizkorri maratoia ainhoa lendinez zb

2018 05 26 zegama aizkorri maratoia elgoibar mendaro meta

2018 05 26 zegama aizkorri maratoia elgoibar mendaro meta1

2018 05 26 zegama aizkorri maratoia elgoibar mendaro meta2

2018 05 26 zegama aizkorri maratoia ainhoa lendinez v1