June Loidik Munduko Eskubaloi Txapelketa jokatuko du Espainarekin Polonian

Barren.eus 2018ko mai. 29a, 11:02

Sanlo eskubaloi taldeko June Loidi elgoibartarra jubenil mailako Espainiako selekzioaren deialdian sartu du Alfredo Rodriguez hautatzaileak. Abuztuaren 7tik 19ra bitartean jokatuko dute Munduko Txapelketa Poloniako Kielce hirian. 

Alfredo Rodriguez hautatzaileak hamasei jokalari eramango ditu Poloniara, jubenil mailako Munduko Eskubaloi Txapelketara, eta horietako bat izango da June Loidi Sanloko Tecnifuelle taldeko hegalekoa; euskal ordezkari bakarra. Ekainaren 24an hasiko da Espainiako selekzioa lan saioekin, Sierra Nevadako errendimendu handiko zentroan. Bigarren kontzentrazio bat ere egingo dute, uztailaren 8tik 18ra bitartean, Getxoko Fadura egoitzan. Azken lan saioa uztailaren 25ean hasiko dute. 

• Poloniaren aurkako lagunartekoak

Munduko Txapelketa antolatzen duen Poloniako taldearen aurka hiru lagunarteko partida jokatuko ditu Espainiak, Zallan (uztailak 14) eta Castro Urdialesen lehenak, eta txapelketa hasi aurretik hirugarrena, Polonian. Abuztuaren 7tik 19ra bitartean jokatuko da Poloniako Munduko Eskubaloi Txapelketa. Espainiako taldeak Hego Korea, Frantzia, Tunisia, Kazakhstan eta Montenegroko taldeean aurka jokatuko du bere multzoan. Kazakhstango selekzioaren aurka jokatuko du estreinako partida, abuztuaren 7an.

• Elgoibartarrentzat jokalari ezagunak

June Loidik Elgoibarren jokatu zuten Espainiako Txapelketan aurkari izan zituen zenbait jokalari izango ditu taldekide. Elgoibarren gailendu zen Elche taldeko Patricia Mendez eta Paula Arcos, esaterako. Mendezek irabazi zuen Elgoibarren jokatutako Zortziko Finaleko jokalari onenaren saria.

Munduko eskubaloi txapelketa bat jokatzeko aukera izango duen bigarren elgoibartarra da June Loidi. Nora Kortaberriak junior mailako Munduko Eskubaloi Txapelketa jokatu zuen Espainiarekin Errusian duela bi urte, 2016. urteko udan.

2018 05 29 june loidi elgoibar sanlo eskubaloia

∞Lotura duten albisteak: