Unai Loiola txapeldunorde eta Xabier Loiola hirugarren Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketako sailkapen nagusian

Barren.eus 2018ko mai. 28a, 13:48

Gipuzkoako Hiru Txirlo bola-joko txapelketako bederatzigarren jardunaldia, azkena, jokatu zuten zapatuan Azkoitiko Floreagako bolatokian. Santos Muñozek irabazi zuen tiraldia eta sailkapen nagusian Gorka Etxaniz azkoitiarrak lortu du garaipena. Etxanizek azken jardunaldira lider ailegatu zen Unai Loiola elgoibartarrak baino txirlo bat gehiago bota du.

Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketaren 49 ekitaldia irabaztetik txirlo bakarrera gelditu da San Migel taldeko Unai Loiola. Bederatzi jardunalditan 40 txirlo bota ditu irabazleak, Gorka Etxaniz azkoitiarrak, eta 39 txirlo bota ditu Loiolak. Azkoitiako Floreaga bolatokian jokatutako azken jaurtialdian bost txirlo bota zituen Etxanizek eta hiru Loiolak (ikus jaurtialdiko argazkiak maxixatzen.eus web orrian). Elgoibarko beste bolari batek, Xabier Loiolak, lortu du sailkapen nagusiko hirugarren postua, 36 txirlorekin. Iaz txapeldunorde izan zen Xabier Loiola.

Elgoibartarrak txapeldun, taldeka eta bikoteka

Taldekako sailkapen nagusian San Migel A taldeak eskuratu du txapelketa. 140 txirlo bota dituzte guztira, Asola Berri A taldeak baino lau txirlo gehiago. Bikotekako txapelketan ere bolari elgoibartarrak izan dira nagusi, Jabier Osoro eta Unai Loiola izan baitira onenak, 69 txirlorekin. Xabier Loiola eta Angel Ibarluzea elgoibartarrak sailkatu dira bigarren postuan, 67 txirlorekin. 

• Bolari Eguna ekainaren 2an

Bolari Eguna ospatuko dute bolariek ekainaren 2an, Elgetan. Gipuzkoako txapelketan lehen 64 postuetan sailkatu diren bolariak Lehendakari Txapelketan lehiatuko dira. Kanporaketak jokatuko dituzte, lehenak 64. postuan amaitu duenaren aurka, bigarrenak azkenaurrekoaren aurka... txapeldun bakarra gelditu arte. Lehiaren ostean, elkarrekin bazkalduko dute bolariek eta omenaldiak ere egingo dituzte. Biotza Azpiri eta Arlindo Almeida dira aurtengo omenduak. Bazkalostean egingo dute Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketari dagokion sari banaketa ekitaldia ere.

Argazkiak: Maxixatzen

floreaga azkoiti gorka etxaniz maxixatzen

Lotura duten albisteak: