Himalaiako Drangnag mendian bide berria zabaldu nahi du Alberto Fernandezek

Barren.eus 2018ko mai. 26a, 10:39

Nepalgo Himalaian dagoen Drangnag (6.801 metro) mendira espedizioa egingo dute Alberto Fernandez elgoibartarrak eta Mikel Zabaltza iruindarrak, urritik azarora bitartean. Bi mendizaleen egitasmoak irabazi du Joxe Takolo beka.

Azpeitiko Udalak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak Joxe Takolo beka eskaintzen dute, 2001az geroztik, Joxe Urbieta Takolo azpeitiar mendizalearen omenez, eta goi mailako mendiko egitasmoak bultzatzea du helburu. Goi mendizaletasunari lotutako proiektuak bultzatzeko 3.000 euroko beka banatzen dute urtero, eta, aurtengoan Alberto Fernandez elgoibartarrak eta Mikel Zabaltza iruindarrak aurkeztutako proiektua saritu dute.

Himalaian estilo alpinoan
Nepalgo Himalaian dagoen Drangnag-ri mendian bide berri bat zabaldu nahi dute bi mendizaleek, estilo alpinoan. "Pirinio eta Alpeetan mendiak igotzen ditugun estiloa eraman nahi dugu Himalaiara", adierazi du Fernandezek. Urritik azarora bitartean egin nahi dute bost aste inguru iraungo dituen espedizioa. Fernandezen eta Zabaltzaren aurreikuspenen arabera, 1.400 metro eskalatu beharko dituzte orotara, lur eremu mixtoan, izotzez eta haitzez osatutako eremua baita. Oinarrizko kanpamentua Na herrian jarriko dute (4.000 metro inguruko altueran) eta handik gertu dagoen Ripimo Shar glaziarraren inguruan aklimatazioa egitea aurreikusten dute. Elgoibarko mendizaleak azaldu zuenez, “gauza berriak egiteko leku aproposa da Drangnag-ri, bailara hori ez baitago asko explotatuta”. Helburua zehaztuta eta finkatuta dute, baina jakitun dira han aurki ditzaketen baldintzak medio, helburua betetzeko zailtasunak izan ditzaketela. Horregatik norazko ezberdinetatik igo daitezkeen beste hainbat mendi ere begiz jota dituzte.

• Takolo beka irabazteko proiektu "originalena eta egokiena"
Joxe Takolo bekaren sustatzaileek joan den astean jakinarazi zuten irabazlea zein izan den. Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakari Aitor Unanueren esanetan punta-puntako proiektuak jaso dituzte aurten, zazpi guztira. Zalantzak zalantza, azkenean Zabaltzaren eta Fernandezen proiektua saritzea erabaki zutela esan zuen Unanuek, “teknikoki dituen ezaugarriengatik” eta “originalena eta egokiena” zela iritzita.
Joxe Mari Azpiazu mendizale eta mahai teknikoko kideak, bere aldetik, Joxe Takolo beka Mikel Zabaltza iruindarraren eskutan uztea “ohore bat” dela adierazi zuen, Azpiazuren berbetan “Mikel [Zabaltza] ez baita edozein”. Zabaltzak proposatu zion proiektua elkarrekin egitea Fernandezi, elgoibartarra haren ikaslea izan baitzen. (*Iturria: uztarria.eus)

2018 05 25 joxe takolo beka fernandez elgoibar azpeitia udala∞Lotura duten albisteak: