Hamabi talde lehiatuko dira Elgoibarko partida azkarren taldekako txapelketan. Jokalariek bost minutuko partidak jokatuko dituzte xakean ikus daitekeen modalitate ikusgarrienean. Olaizaga kiroldegiko kantxan jokatuko dituzte partidak, 16:30ean hasita. Euskal Herri osotik etorritako xakelariez gainera, Kantabriako Liendo herritik ere etorriko da talde bat. Elgoibarko bi talde lehiatuko dira. Hona gainerako taldeak: Martintxo (Araba), Anaitasuna (Kakute-Azkoitia), Zaldi baltza (Elorrio), Barakaldo, Zornotza, Abadiño, Arrasate, Xaputarrak (Azpeitia) eta Billabona.
Iaz Maalako parkean jokatu zen txapelketa hau, eta Abadiñoko taldea gailendu zen, Santurtziko taldea sailkatu zen bigarren postuan eta Elgoibarko xakelariak sailkatu ziren hirugarren.
•Xakean jokatzen ikasteko tailerra
Elgoibarko Xake Taldekoek ume eta nagusientzako xake tailerra antolatu dute, xakean jokatzen ikasi nahi dutenentzako. Doakoa izango da. Olaizaga kiroldegian eskainiko dute 16:30etik 18:30era bitartean. Interesatuek bertara azaldu beharko dute.