Arilanek hirugarren postua lortu zuen Zaragozan jokatu zuten Estatuko sektorean

Barren.eus 2018ko mai. 23a, 09:35

Sanloko Arilan kadeteen taldeak Espainiako Eskubaloi Txapelketako bigarren fasea jokatu zuen asteburuan Zaragozan. Jokatu dituzten hiru partidetatik bi irabazita hirugarren postua lortu zuten elgoibartarrek, baina ez dute azken faserako sailkatzerik lortu.

Arilan taldeak etxeko taldearen aurka jokatu zuen Estatuko sektoreko lehen partida, amaieran txapeldun izan zen A.D. La Jota taldearen aurka, hain zuzen ere. Sanlotik jakinarazi dutenez, Arilaneko neskek urduri hasi zuten neurketa, "presaka", eta defentsan ere ez zuten asmatzen. Aurkariek abantaila lortu zuten markagailuan. Lana eginez eta jarrera egokia erakutsiz, hurbiltzea lortu zuten, baina handik gutxira Irati Egañak min hartu zuen, eta kantxa laga behar izan zuen. Iratik ezin izan zuen beste partidarik jokatu. Arilaneko jokalarien aldartean eragina izan zuen taldekidearen lesioak, eta behera egin zuen taldearen jokoak; ezinezkoa izan zen handik aurrera aurkariak harrapatzea. "Dena aldrebes irteten den partida horietakoa izan zen, baina espero dugu horretatik ere ikasiko zutela gure neskek", esan dute Sanloko arduradunek.

Bigarren jardunaldian Knet Calasancio izan zuten aurkari Lorea Gabilondok entrenatutao neskek. Partida garrantzitsua zen, zeren eta galduz gero hor amaitzen zen Arilanen ibilbidea; irabaziz gero, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidarako sailkatzen ziren. Lehen partidan baino hobeto aritu ziren Arilaneko jokalariak, eta Calasancio baino gehiago zirela erakutsi zuten. 20-27 irabazi zuten, "defentsan askoz sendoago arituta eta erasoan hobeto asmatuta: lan biribila egin zuten". 

Domekan HBC 74 Merceria Yolanda Kantabriako taldearen aurka jokatu zuten hirugarren postua. Zaragozan jokatu duten partidarik onena egin zuen Arilanek eta 20-27 irabazi zuten. "Askoz azkarrago, trantsizio ezin hobeak eginez erasoan, defentsa numantziarra… garaipenaren gakoak izan ziren". Zaragozan etxean bezala sentitu direla nabarmendu dute Sanlotik. "Zaragozako jendeek nola hartu gaituzten aipatu behar da: etxean bezala sentitu gara. Eskubaloiko giro aparta ere ezin ahaztu, gradak beti jendez gainezka egon dira, eta zaleen portaera txalotzekoa izan da. Laburbilduz, asteburu ahaztezina, gure neskek inoiz ahaztuko ez dutena. Talde bikaina izan zarete, eta Elgoibarren eta Sanloren ordezkari ezin hobeak. Kiroletik kanpo doazen baloreak erakutsi dituzue: guraso, zale eta zuzendaritzakoak ezin harroago gaude zuetaz.Arilanen denboraldia "bikaina" eta "ahaztezina" izan dela gaineratu dute.

2018 05 23 arilan sanlo zaragozan espainia txa taldea

2018 05 20 arilan sanlo zaragoza espainia txap sektorea

2018 05 23 arilan sanlo zaragozan espainia txa pilar