Igoera jokoan izango dute Haundik eta kadeteek zapatuan Mintxetan

Barren.eus 2018ko mai. 22a, 19:08

Futbol jardunaldi zirraragarria izango da C.D. Elgoibarko hiru talderentzat datorren zapatukoa. Haundik igoera kanporaketako itzulerakoa jokatuko du Mintxetan, Euskaldunaren aurka. Kadeteen taldeak ere Mintxetan jokatuko du Euskal Ligara igotzeko Hiruko Finala. Azkenik, Lehen Erregional mailako taldeak Kopako finala jokatuko du Orion, Astigarragako Mundarroren aurka.

Denboraldiko jardunaldi garrantzitsuena jokatuko dute C.D. Elgoibarreko hiru taldek zapatuan. Haundik igoera lortzeko itxaropenak bizirik mantentzeko azken partida jokatuko du Mintxetan, zapatuan, 17:30ean. Elgoibartarrek bana berdindu zuten aurreko zapatuan Andoianen, C.D. Euskalduna taldearen aurkako kanporaketako joanekoan. Kanporaketako galtzaileak Erregional Preferente mailan jarraituko du hurrengo denboraldian. Aldiz, irabazleak Ohorezko Erregional Mailara igotzeko aukerak izan ditzake. Horretarako, goragoko mailetako Liga txapelketak nola amaitzen diren zain egon beharko dute. Elgoibartarrei, esaterako, ez zaie komeni Ohorezko Erregional Mailan diharduen Tolosak igoera lortzea. Tolosarrak, baina, aukerekin ailegatu dira azken jardunaldira, lehen bi sailkatuengandik hiru puntura daude sailkatuta, hirugarren postuan.

• Hiruko Finala Mintxetan

C.D. Elgoibarreko ohorezko mailako kadeteek Euskal Ligara igotzeko lehen aukera galdu ostean, bigarren aukera izango dute orain, eta etxean gainera. Elgoibartarrek Bizkaian eta Araban jokatu dituzten igoera kanporaketako galtzaileen aurka jokatuko dute Hiruko Final bat, Mintxetan. Zapatuan, maiatzaren 26an, izango da. Elgoibarko taldeak 11:00etan jokatuko du lehen partida, Amurrioko Kaskagorri taldearen aurka. Partida horretako galtzaileak Bilboko Deusto taldearen aurka jokatuko du gero. Eta lehen partidako irabazleak Deustoren aurka jokatuko du 13:00etan.

Kopako finala Orion

Lehen Erregional mailako taldea Kopa Txapelketako finalera ailegatu da. Finalerdietan Eibarko Urko taldea kanporatu zuten elgoibartarrek, Mintxetan jokatutako partidan 2-1 irabazita. Orion jokatuko dute finala, zapatuan, 15:30ean, Astigarragako Mundarro taldearen aurka.