Urrezko bi domina lortu dituzte Mintxetako atletek Gipuzkoako Txapelketan

Barren.eus 2018ko mai. 17a, 09:10

Gipuzkoako aire libreko Atletismo Txapelketa jokatu zuten asteburuan Donostian. Mintxeta Atletismo Taldeko sei atleta lehiatu ziren, eta horietako bik urrezko dominak irabazi zituzten: Nerea Sasiainek eta Iñaki Beasainek.

Kadete, jubenil eta junior mailetako atletak lehiatu ziren Donostian. Jubeniletan lehiatu zen Nerea Sasiainek 200 metroko lasterketa irabazi zuen, 25.69 denbora eginda. Aurreko astean Euskadiko Txapelketa irabazi zuen Sasiainek, baina 400 metroko lasterketan. Mintxeta Atletismo Taldeko ordezkariek eskuratu zuten urrezko bigarren domina Iñaki Beasainek jantzi zuen lepoan. Jubenil mailako 800 metroko lasterketan hartu zuen parte eta bera izan zen azkarrena, bi minutu eta bost segundoko denbora eginda. Beasainek hamabi segundoan ondu zuen bere marka pertsonala. Mintxetako gainerako atletei dagokionez, Ander Armendiak bosgarren postua lortu zuen junior mailako 200 metroko lasterketan. Maila berean, baina 800 metroko lasterketan, lehiatu zen Markel Zabala eta zazpigarren postua eskuratu zuen. Aner Gallastegik 11. postua lortu zuen 800 metrokoan, jubeniletan, eta, azkenik, kadete mailan lehiatu zen Maialen Izagirre 13. postuan sailkatu zen 600 metroko lasterketan. 

nerea sasiain mintxeta elgoibar podium gip txap 400 m donostia

• Gipuzkoako kluben arteko alebinen txapelketako emaitzak

Mintxetako atleta gaztetxoek Gipuzkoako kluben arteko alebinen txapelketan hartu zuten parte, joan den domekan, Tolosan. Mintxetako nesken taldeak bosgarren postua lortu zuen, eta 4x60 metroko erreleboetan eskuratu zuten bigarren postua nabarmendu behar da. Sailkapen nagusiko bosgarren postua lortzeko, honako hauek dira Mintxetakoek banaka egin zituzten emaitza nabarmenenak:

  • Ane Agirregomezkorta hirugarren postua lortu zuen 60 metroko lasterketan (9.30) 
  • Nere Arregi 7.postua  60 metro hesietako proban ( 11.80)
  • Nora Treviño 4. postua 1.000 metroko lasterketan (3:42.00)  
  • Helene Zubizarreta 5. postua Altuera jauzian ( 1,10 metro)
  • Eider Caro  5. postua pisu jaurtiketan (7,10 metro)

mintxeta atletismo elgoibar alebinneskak taldea tolosa