Elgoibarko palistek 1-2 irabazi dute Herriartekoaren joanekoa Azpeitiaren aurka

Barren.eus 2018ko mai. 14a, 16:59

Gomazko paletako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa jokatzen dihartute palista elgoibartarrek. Elgoibartarrek Azpeitia dute aurkari final zortzirenetako kanporaketetan, eta joanekoan 1-2ko abantaila eskuratu zuten. Itzulerako partidak barixakuan jokatuko dituzte Elgoibarren.

Mikel Arrieta Arrillaga, Beñat Arrizabalaga Galdos, Asier Gurrutxaga Suarez, Ibon Larrea Sarasketa, Gorka Lizarralde Salegi eta Iker Odria Tudanca pilotariek osatzen dute gomazko paletako Elgoibarko taldea.
Pilotari elgoibartarrak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan lehiatzen ari dira eta final zortzirenetako kanporaketan Azpeitiako taldea dute aurkari.
Final zortzirenetako joaneko partidak Urrestillako Txikuri pilotalekuan jokatu zituzten zapatuan. Lehiaketa honetan hiru partida jokatzen dituzte, bat binaka eta bi banaka.
Frontoi osoko buruz burukoan Gorka Lizarraldek 20-16 irabazi zion Urtzi Lopetegi azpeitiarrari. Frontoi osoko binakakoan ere lehia estua izan zen eta tanto bateko aldeaz, 19-20, irabazi zuten partida Beñat Arrizabalagak eta Asier Gurrutxagak elgoibartarrek. Azken partidan, zazpi koadro barruko buruz buruko lehian, Asier Egiguren azpeitiarrak 20-2 irabazi zion Ibon Larreari. Azken neurketa horretako aldeari esker, emaitzari buelta emateko aukerak mantentzen dituzte azpeitiarrek; partida bakarra irabazi arren, guztira 13 tantoren aldea atera ziotelako Elgoibarko taldeari joanekoan.
Barixaku honetan, maiatzaren 18an, jokatuko dituzte itzulerako partidak, Ikastolako frontoian, 20:00etan hasita.

Elgoibartarren eta azpeitiarren arteko kanporaketako irabazleak Andoain eta Zumaiako taldeek jokatzen diharduten kanporaketako irabazlearen aurka jokatuko du final-laurdenetan. Ikus hemen lehiaketaren koadroa