Euria, hotza eta lokatza, Morkaikoren Egunean

Barren.eus 2018ko mai. 12a, 14:09

Mendian ibiltzeko eguraldi gozakaitza izan dute mendizaleek Morkaikoren Egunean. Hala eta guztiz, eguraldi zakarrari aurre eginez, 200 lagun baino gehiagok amaitu dituzte Elgoibarko Mendi Itzulia eta Itzulitxoa (bideoa).

Ia 300 ume eta guraso zeuden izena emanda Elgoibarko Itzulitxoa egiteko eta ehun inguru azaldu dira gaur plazara, 10:00etarako. Egiten zuen eguraldia ikusita, ez dela kopuru txikia azaldu dute Morkaiko mendi taldekoek. Elgoibarko Mendi Itzulian 275 lagun zeuden izena emanda, baina hemen ere ez dira guztiak azaldu. Goizaldeko 6:00etan abiatu dira plazatik eta lehen bi orduetan ateri eutsi dio eguraldiak. Otzaurtiako anoa postutik aurrera, baina, euria etengabe eta mardul egin du eta mela-mela egin ditu parte hartzaileak. Gore-tex, zira, txapel eta gainerako mendiko jantzien eraginkortasuna proban jartzeko eguna izan da. Egun bustia izateaz gainera, hotzaren kexu ziren mendizaleak, eta ez zitzaien arrazoirik falta, 10 graduren bueltako tenperatura izan baitute goialdeetan. Morkaikokoek Aiastiako frontoian mendizaleei eskaini dieten kafe beroa, txorizoa edo bizkotxoa beste urte batzuetan baino gehiago eskertu dituzte gaurkoan. 30 litro kafe prestatu dituzte eta 25 litro salda, besteak beste. 

•Lokatza

Bidean topatu duten lokatzak ere ez dizkie gauzak erraztu mendizaleei. Menditik pinua ateratzen ari diren inguruetan, batez ere, lokatzez betetako zatiak gurutzatu behar izan dituzte. Lokatz artean irristatuz ibili behar izanaren ondorioz giharretako arazoak izan dituzte hainbat mendizalek eta Altzolan edo Aiastian itzulia bertan behera lagatzea ere erabaki dute batzuek. 38 kilometroko ibilbidea osatzea lortu dutenen artean ere ez da hankako minilk faltako datozen egunetan.

Menditik bueltan, Finalista Eguneko dominak banatu dituzte Kalegoen plazan. Morkaikokoek Felix Etxeberria Parapan eta Lolita Canalesen laguntza izan dute dominak banatzeko ekitaldian.

morkaikoren eguna elgoibar finalista eguna sarituak

morkaikoren eguna elgoibar itzulia bioin

morkaikoren eguna elgoibar itzulia bioin 1

2018 05 12 morkaikoren eguna elgoibar txakur leiala