Morkaikoren Eguna antolatu du Elgoibarko mendi taldeak zapaturako, zortzigarren urtez jarrian

Barren.eus 2018ko mai. 9a, 08:56

Elgoibarko Mendi Itzulia, itzulitxoa eta Finalista Eguna egun berean batu zituen Morkaiko Mendi Taldeak 2011. urtean, Morkaikoren Eguna izenarekin. Aurtengoa, zortzigarrena, zapatuan (maiatzak 12) egingo dute. Estreinakoz kirolprobak.com webgunean eman ahal izango da izena eta bi pertsonentzako afari bat zozketatuko dute hala egiten dutenen artean.

Elgoibarko mendi itzulia nagusientzako itzulia da. 38 kilometro ditu ibilbideak, eta partaideek 2.000 metro inguruko desnibel positiboa gainditu beharko dute. Irteera 6:00etan izango da Kalegoen plazatik. Haurrentzako, berriz, itzulitxoa prestatu dute. Morkaiko mendira (520m.) igo, Aiastian indarrak berreskuratu (12:00ak inguruan) eta Elgoibarrera jaitsiko dira berriro umeak eta gurasoak.

Itzulitxoaren irteera 9:00etan izango da Kalegoen plazatik, eta 10:00etan Idotorbetik. Bigarren aukera hori aukeratzen dutenei ibilgailua Idotorben aparkazeko eskatu diete antolatzaileek eta ez aubixa inguruko errepide bazterrean. Azkenik, Finalista Eguneko domina banaketa ekitaldia 13:30ean egingo dute Kalegoen plazan. Ume zein nagusientzako bazkarik ere eskainiko ditu Morkaikok Elizako arkupeetan, 13:00etatik aurrera nagusiena (paella, gisatua eta postrea), eta 14:00etatik aurrera umeena (pasta tomatearekin eta postrea).

Rokodromoa eta jolasak

Bazkalostean Atxutxiamaikak antolatutako jolasetan parte hartzeko aukera izango dute umeek, Kalegoen plazan. 16:00etatik aurrera, berriz, eskaladaz gozatzeko aukera izango dute gaztetxoek plazan jarriko duten rokodromo mugikorrean. Librean lagako dute lehenik eta umeentzako erronkak prestatuko dituzte gero.

• Izen emateak kirolprobak.com webgunean
  Kirolprobak.com web orria erabiliz izena emateko aukera eskainiko du Morkaikok estreinakoz. Elgoibarko Itzulian edo Itzulitxoan izena eman nahi dutenek, erabiltzaile bat sortu beharko dute web horri horretan. Kirolprobak-en bitartez izena ematen dutenen artean Ibai Ondo erretegian bi lagunentzako afari bat zozketatuko du Morkaikok.

Iaz, 660 mendizale inguru batu zituen Morkaikoren Egunak. Ikus hemen 2017ko argazki-bilduma

Morkaikoren Eguneko argazkiak eta bideoak

Mendi Itzuliko argazkiak eta bideoak