Mayi Mujika mendiko korrikalaria euskal selekzioarekin lehiatzen ari da Espainiako Kopan 

Barren.eus 2018ko mai. 8a, 14:30

Euskal selekzioko mendi lasterkariek Espainiako Kopako hirugarren proban hartu zuten parte domekan, Tarragonan:  La Cursa Panxampla, Parque Natural de los Puertos-en. Mayi Mujikak hirugarren egin zuen lasterketan eta sailkapen nagusian ere hirugarren postuan dago.

Mendi lasterketen Espainiako Kopako hirugarren proba jokatu zuten domekan Tarragonan. Cursa Panxampla Espainiako Kopako bost probetatik goranzko desnibel gehien duen lasterketa da: 3000 metro 36 kilometroko ibilbidean, euskal ordezkarien baldintzetara ondo egokitzen den gogortasuna.

Andreu Simon izan zen azkarrena gizonezkoetan (04:14:30) eta Balear uharteetako selekzioko kide Bel Calero gailendu zen emakumezkoetan, bost ordu, hogei minutu eta 45 segundoko denbora eginda. Sandra Sevillano sailkatu zen bigarren (05:29:38) eta euskal selekzioko ordezkari Mayi Mujikak eskuratu zuen hirugarren postua (05:32:46). 

Espainiako Kopako sailkapen nagusian Julen Martinez de Estibariz bigarrena da eta Mayi Mujika hirugarrena, biak euskal selekzioko kideak. Malagan jokatu zuten estreinako lasterketa, Trail Cara Los Tajos, eta bosgarren postuan sailkatu zen Mujika. Segidan, Garganta de los Infiernos lasterketan hartu zuen parte, Jerten (Caceres, Espainia) eta laugarren egin zuen han. Bistan da gorantz doala denboraldi honetan. Espainiako Kopako hurrengo proba, laugarrena, Zumaian jokatuko da, Zumaia Flysh Trail lasterketa, ekainaren 24an.

• EMF rankinean hirugarren postuan

Euskal Mendizale Federazioko Lasterketa Batzordeak Txapelketa ofizialez batera Lasterketa Rankinga sortu du 2018 denboraldirako, orain arteko Kopa eta sailkapen konbinatua ordezkatzen dituena. Guztira 15 probek osatzen dute, eta jada bost jokatu dira, azkenak Nafarroa Xtreme eta Pagoetako mendi lasterketa. Asier Larruzea Güeñeskoa eta Maite Etxezarreta azpeitiarra dira liderrak, azken hau Lorena Guinaldo eibartarrarekin berdinduta puntutan, baina proba bat irabazi duenez bera da lehena sailkapenean. Sailkapen horretan hirugarren postuan dago Mayi Mujika, lehen biek baino bi puntu eskas gutxiagorekin.

cursa pamxampla tarragona mayi mujika euskal selekzioagaz