"Espainiako Txapelketa batetako finalerdietara sailkatu den Sanloko lehen taldea gara eta oso pozik gaude"

Barren.eus 2018ko mai. 7a, 21:18

Eskubaloiak hartu du Elgoibar azken bost egunetan. Zortziko Finaleran parte hartu duten taldeek hamasei partida jokatu dituzte Olaizaga kiroldegian eta giro aparta izan da harmailetan. Tecnifuelle finaletik kanpo laga zuen Grupo Assa BM Elche taldeak irabazi du txapelketa, finalean BM Sanse taldeari irabazita. Txapelketaren errepasoa egin du Tecnifuelleko entrenatzaile Igor Lizarraldek.

Tecnifuellek laugarren postua eskuratu du Espainiako Eskubaloi Txapelketan. Elgoibartarrek, finalerdietako kanporaketa galdu eta gero, Balonmano Porriño taldearen aurka jokatu zuten hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko neurketa, domekan. Galiziarrek 19-27 irabazi zuten partida eta eurentzat izan da brontzezko domina. Tecnifuelleko entrenatzaile Igor Lizarralderen iritziz ez zuten partida txarra jokatu, baina Porriñok "hobeto jokatu zituen bere kartak".

igor lizarralde tecnifuelle sanlo entrenatzailera elgoibar

Bi talde gainerakoen gainetik
Bost egunetan bost partida jokatu dituzte Sanlokoek, estreinakoz, eta nekea igarri dute azkenerako. Edonola ere, lortutako emaitzarekin "oso pozik" daudela esan du Lizarraldek. "Finalerdietarako sailkatu ginenean jokalariei esan nien moduan, Espainiako Txapelketa batean finalerdietarako sailkatu garen Sanloko aurreneko taldea gara. Dena genuela irabazteko eta ezer ez galtzeko esan nien", azaldu du. Finalerdietan txapela irabazi duen Elcheren aurka jokatu zuen Tecnifuellek. Gehiago izan zirela dio Lizarraldek. Elgoibarren jokatu duten zortzi taldeen artean, Elche eta Madrilgo Sanse taldeak besteak baino "maila bat gorago" daudela uste du, eta Elchekoen defentsa goraipatu du.

• Txapeldunen defentsa itogarria
"Ez gaude ohituta Elchekoek egiten duten moduko defentsen aurka jokatzera, gure aurkariek ez baitute erabiltzen, eta erasoan asmatu ezinda ibili ginen. Kantxa erdiraino egiten dute presioa, 3-3 zabal bat erabiliz. Defentsa itogarria. Partidako uneren batean edo bestean, errekurtso modura erabiltzen duten taldeak badaude, baina hauek partida osoan darabilte. Taldearen ikurretako bat da defentsako sistema hori, Ohorezko Mailan jokatzen duen Elcheko senior taldeak ere erabiltzen baitu. Gainera, nagusien taldeko entrenatzaileak, Joaquin Rocamorak, gidatu ditu txapeldunak Elgoibarren", azaldu du Lizarraldek Elche taldearen defentsaz.

Lehen fasean, burua hotz
Tecnifuellek txapeldunorde gelditu den BM Sanse taldearen aurka hasi zuen txapelketa. Bazekiten talde indartsua zela, txapelketa irabazteko faborito argietako bat, eta madrildarrek markagailuan aldea hartu zutenean hurrengo bi jardunaldietarako indarrak gordetzea erabaki zuten Sanlokoek. "Bagenekien Zamora eta Carballal gure mailatik gertuago zeudela, eta haiekin jokatu beharko genuela finalerdietarako sailkapena. Kalkuluak ondo atera zitzaizkigun eta bi partidak irabazi genituen, gure defentsari esker, bereziki, erasoan ez ginelako eman dezakegun mailan aritu".

•Esperientzia ahaztezina
Jokalarientzat esperientzia ahaztezina izan dela uste du Lizarraldek eta gustura daude egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin. "Ikusi besterik ez dago dantzan hasi zirela azken partida galdu eta gero. Ondo hartu dute laugarren postua eta badakite lorpen historikoa eskuratu dutela Sanlorentzat. Denboraldi hasieran ezin genuen imaninatu ere egin noraino iritsi garen".

Lizarraldek zaleak, gurasoak, zuzendaritzako kideak eta batez ere jokalariak nabarmendu ditu egindako lanagatik batzuek eta emandako animoengatik besteak.

• Irene Makazaga defentsa onena
Elgoibarren jokatutako txapelketako jokalari onenak saritu ditu Balonmano con V-k eta bi jokalari elgoibartarrek ere jaso dute errekonozimendua. Irene Makazagak defentsa onenaren saria jaso du eta V saria Nahia Legorburuk. Bigarren jardunaldiko jokalari onena ere izendatu zuten Legorburu. Sari nagusia, Txapelketako Jokalari Onenarena, Elche taldeko Patri Mendezi eman diote, eta bere taldekide Paula Arcosi eman diote finaleko jokalari onenaren saria. Atezain onenaren saria Porriño taldeko Begoña Oterok irabazi du.

Hona hemen txapelketako zazpi jokalari nabarmenenak: Celia Guilabert (Elche), Patricia Mendez (Elche), Melena Valles (Sanse), Paula Arcos (Elche), Isabel Rosinos (BM Zamora), Maria Palomo (Sanse) eta Begoña Otero (Porriño)

2018 05 07 nahia makazaga tecnifuelle defentsa onena patri mendez elche jokalari onena mvp

•Sanloko jokalari ohi bat Errege Kopako Jokalari Onena

Euskadiko Eskubaloi Federazioko presidente Jose Manuel Ruiz eta Espainiako federazioko presidentea, Paco Blazquez Garcia, Elgoibarren izan dira txapelketa zuzenean jarraitzen. Ruiz Sanloko entrenatzaile izana da gainera. (ikus argazkian biak Sanloko presidente Aitor Urainekin batera Olaizagako harmailetan). Elgoibartik zuzenean Madrilera joan zen Blazquez, Asobal Ligako talde onenek Errege Kopa jokatu baitute asteburuan Madrid Arenan. Bartzelonak 35-28 irabazi zion finalean Ciudad de Logroño taldeari. Errioxako taldean jokatzen duen Imanol Garciandia urretxuarra izan zen finaleko goleatzaile nagusia, bederatzi gol sartuta; eta, bera izendatu zuten txapelketako jokalari onena. Sanloko Alcorta Forging Group taldetik fitxatu zuten Garciandia errioxarrek. Sanlokokoek zoriondu egin dute. Etorkizun handiko jokalaria da 23 urteko gaztea. Duela gutxi Sanlotik pasatako beste jokalari bat nabarmendu zen Asobal Ligan, 28. jardunaldiko golik oinena sartu baitzuen Ander Iriartek.

imanol garciandia sanlo ohia mvp erregekopa

∞Lotura duten albisteak: