Arilan eskubaloi taldea Espainiako Txapelketan lehiatuko da Zaragozan

Barren.eus 2018ko mai. 3a, 17:57

Sanloko Arilan kadeteen taldeak hirugarren postua eskuratu zuen joan den asteburuan Etxebarrin jokatutako Euskadiko Txapelketan, eta honenbestez, Zaragozan jokatuko den Espainiako Txapelketako sektorea jokatzeko sailkatzea lortu dute.

Euskal ligan diharduen Sanloko Arilan taldeak Kukullaga, Pulpo eta Zarautz izan zituen aurkari Euskadiko Txapelketako Lauko Finalean. Aiala Zarautz taldearen aurka jokatu zuten lehen partida parekatua izan zen, oso. Atsedenaldira berdinduta ailegatu ziren, baina partida amaierara gol bateko abantailarekin ailegatu ziren zarauztarrak. 21-20 izan zen azken emaitza. Bigarren jardunaldian etxeko taldearen aurka jokatu zuen Arilanek. Zirraraz beterioko partida jokatu zuten bi taldeek, baina Kukullaga gehiago izan zen eta 30-24 irabazi zuten. Hala, hirugarren eta azken jardunaldira bi porrotekin ailegatu zen Arilan. Ohoreaz gainera, Espainiako Txapelketa jokatzeko sailkapena zegoen jokoan Zumaiako Pulpo taldearen aurkako norgehiagokan. Izan ere, lehen hirurentzako zen sailkapena. Zumaiarren aurkakoa ere partida parekatua izan zen eta lehen jardunaldiko partidako markagailua errepikatu zuten elgoibartarrek, 21-20, baina, euren alde oraingoan. Sanloko arduradunen esanetan txapelketa borobila osatu du Arilanek. "Talde bikaina direla erakutsi dute: defentsan tinko, erasoan eraginkor, eta intentsitate handiz jokatu dute jokaldi guztietan. Duten guztia ematen ikustea zoragarria izan da. Gainera, Etxebarrin bizitako esperientziak kiroletik kanpo ere baliagarriak izango zaizkie", azaldu dute.

Zarautz gailendu zen Etxebarriko Lauko Finalean, azken partidan 21-21 irabazita Kukullagari.
• Espainiako Txapelketa, Zaragozan
Kadete mailako Espainiako Txapelketako hurrengo fasean lehiatuko da orain Arilan. Elgoibartarrek Knet Calasancio eta A.D. La Jota taldeak izango dituzte aurkari, hiru aste barru (maiatzak 18-20), Zaragozan jokatuko den D sektoreko lehen multzoan. Bigarren multzoan bi talde izango dira, Balonmano Sanse eta HBC 74 Merceria Yolanda. Guztira 34 talde lehiatuko dira fase honetan, zortzi sektoretan banatuta, honako herrietan: Vigo, Etxebarri, Zarautz, Zaragoza, San Vicenc Horts, La Roca del Valles, Manzanares eta Elda.

arilan sanlo euskadi txap etxebarri lorea gabilondo