Kirol minoritarioen hilabetea izango da maiatza Mendaron

Barren.eus 2018ko mai. 3a, 14:45

Kirol minoritarioak bultzatu eta ezagutarazteko hainbat ekimen antolatu ditu Mendaroko Arno Guraso Elkarteak maiatzerako. Hasteko, xakeari eskainitako asteburua izango da hurrengoa Mendaron, Elgoibarko Zubi Ondo Xake taldearekin elkarlanean antolatutako jardunaldietan.

Ikasturteko azken txanparako ere makina bat ekitaldi antolatu ditu Arno Guraso Elkarteak. Kirol minoritarioak sustatu eta ezagutarazteko ekimena izango da horietako bat. Honenbestez, xakea, arku-tiraketa eta bola eta toka jokuak ezagutzeko aukera izango dute mendaroarrek maiatzean. 

• Xakeari eskainitako asteburua

Xakea izango da lehen kirol minoritarioa. Maiatzaren 4an eta 5ean, barixakuan eta zapatuan, izango da xakeari eskainitako asteburua. Maiatzaren 4an, barixakua, “La Reina de Katwe” filmaren emanaldiarekin hasiko da ekimena, 18:30ean, San Agustinen. Ugandako emakume baten istorio erreala kontatzen du filmak, non xakeari esker ametsak egin bihurtzea lortzen duen. Maiatzaren 5ean, berriz, Xake eguna ospatuko dute,10:00etatik 13:00etara, Herriko enparantzan. Eguraldiak lagunduko ez balu ekimena Ikastolako patioan egingo litzateke. Hainbat txoko jarriko dituzte, xake jokalarien mailaren arabera banatuta. Adin guztietako pertsonek har dezakete parte, ume, gazte zein nagusiek. 

Arku-tiraketa protagonista izango den saioa maiatzaren 12an izango da eta maiatzaren 19an egingo dute bola eta toka jokuei dagokiona.