Arilan eskubaloi taldea Lauko Finalean, eta Lauko igoera lortzeko borrokatik kanpo

Barren.eus 2018ko api. 25a, 16:02

Tecnifuellek eta Decak moduan, Sanloko Arilan taldeak ere lortu du Lauko Finalerako sailkatzea. Asteburuan jokatuko dute Etxebarrin. Senior emakumezkoen Lauko taldeak, berriz, ezin izan du igoera fasean aurrera egin, penaltietan galdu eta gero.

Euskal ligan diharduen Sanloko Arilan kadeteen taldeak Kukullaga, Pulpo eta Zarautz izango ditu aurkari Etxebarrin jokatuko duten Lauko finalean, barixakutik domekara bitartean. Barixakuko jardunaldian zarauztarren aurka jokatuko dute elgoibartarrek, Etxebarri kiroldegian, 20:00etan. Zapatuan Kukullagaren aurka jokatuko dute (18:00). Domekan, azkenik, Trapaia Taberna Pulpo talde zumaiarra izango dute aurkari, 10:00etan hasiko den neurketan.
• Lauko, penaltietan kaporatua
Laukok, Sanloko senior nesken taldeak, joan den asteburuan jokatu zuen igoera fasea, Donostiako Bidebieta kiroldegian. Elgoibartarrek 17-19 irabazi zioten Aiala Zarautzi finalerdietan, eta Bera-Bera taldearen aurka jokatu zuten finala domekan. Emozioz beteriko partida jokatu zuten bi taldeek eta arauzko denbora 23nako berdinketaz amaitu zen. Luzapena jokatuta ere berdinketa hautsi ez zutenez, penalti jaurtiketetan erabaki behar izan zuten irabazlea. Eta, nola ez, penaltien lehen txanda ere berdinduta amaitu zuten. Sanlo izan zen huts egiten lehena, eta, honenbestez, donostiarrek jarraituko dute Zilarrezko Ohorezko Mailara igotzeko lehian. Laukok modurik krudelenean esan dio agur aurtengo Liga txapelketari, baina denboraldi "bikaina" egin dutela azaldu dute Sanloko arduradunek. Haien berbetan, Laukoko jokalariek inplikazio handia erakutsi dute eta harrobiko jokalarientzat eredu izan dira.

4ko finala Arialan sanlo kartela etxebarrin