Haundik bigarren sailkatuaren aurka jokatuko du Mintxetan, igoera lortzeko borrokan

Barren.eus 2018ko api. 18a, 13:47

Haundi futbol taldea maila igoera lortzeko lehian bete-betean sartuta dago, are gehiago azken jardunaldian Azpeitian jokatutako partidan Ikasberri taldeari 0-1 irabazi ostean. Klubeko arduradunek eta Haundiko jokalariek zapatuan Mintxetara joateko dei egin diete zaleei.


Haundi futbol taldea hirugarren postuan sailkatuta dago 48 punturekin, liga amaitzeko lau jardunaldi falta direnean. Hurrengo jardunaldian bigarren postuan dagoen Tolosaren (54 puntu) aurka jokatuko dute elgoibartarrek Mintxetan. Zapatu honetan, hilaren 21ean, izango da partida, 16:30ean.

• Jokalarien mezua zaleentzako

Klubeko arduradunek eta Haundiko jokalariek zapatuan Mintxetara joateko dei egin diete zaleei. Zaleentzako mezua ere zabaldu dute jokalariek. "Denboraldi hasiera zaila izan zen arren, Haundiko jokalariok lan eta ahalegin handia egiten ari gara gure taldea dagokion lekura bueltatzeko ametsean, gu garelako hori lortzea dagokigunak. Larunbatean, 16:30etan, Mintxetan Tolosaren aurka jokatuko dugun partidan pasatuko da gure helburua lortzeko azken trena, partida irabazita mailaz igotzetik gertu egon gintezkeela uste baitugu. Hori dela eta, elgoibartar denak gonbidatzen ditugu gu animatzera etor daitezen, denon beharra izango dugulako larunbatean! Sinesten ez duenak ez du iñoiz ametsa egi bihurtuko, zuen beharra dugu, aupa elgoibar aupa Haundi!", dio Haundiko jokalarien mezuak. 

"Datozen bi partiduak irabazita, mailaz igotzeko aukera handiak ikusten ditut" idatzi zuen Haundiko entrenatzaile Omar Aizpuruk sare sozialetan, Azpeitiko partida jokatu aurretik. Ikasberriri irabazi ostean, Tolosaren aurkako partida "aukera paregabea" dela uste du Aizpuruk.

Azken hiru partidak

Elgoibartarrek Aloña Mendi izango dute aurkari hurrengo jardunaldian, Oñatin. Haundi baino postu bat beherago sailkatuta dago Aloña-Mendi une honetan, puntu bat gutxiagorekin. Azken aurreko jardunaldian Bergara taldearen aurka jokatuko du Haundik, Mintxetan, eta Arrasaten amaituko dute Liga Txapelketa, Mondragon taldearen aurkako partidarekin.

Beteranoen arteko partida Mintxetan

Bestalde, C.D. Elgoibarreko beteranoek Zaragozako Atletico Ranillas taldearen aurka jokatu dute lagunarteko partida, Mintxetan, zapatuan (12:30).