Unai Loiola lidergoan ailegatuko da Idotorbeko bola-joku jardunaldiara 

Barren.eus 2018ko api. 17a, 14:23

Gipuzkoako hiru txirlo bola-joku txapelketako bosgarren jardunaldia jokatuko dute zapatuan (apirilak 21), Idotorbeko bolatokian. Unai Loiola elgoibartarra sailkapen orokorreko lidergoan ailegatuko da tiraldira.

Unai Loiola San Migel A taldeko bolariak 17 txirlo jo ditu orain arte jokatu dituzten lau jardunaldietan. Asola Berriko Sergio Rodriguez eibartarra doa bigarren postuan, 16 txirlo jota. Xabier Loiola (San Migel A) elgoibartarra dago hirugarren postuan 15 txirlorekin eta Javier Osoro (San Migel A) dago bosgarren postuan sailkatuta, 14 txirlorekin. 

Bederatzi jardunaldi ditu Gipuzkoako hiru txirlo txapelketak eta horietako bi Elgoibarren jokatuko dira. Idotorben aurrenekoa, zapatu honetan, 17:00etan hasita; eta, Aiastiako bolatokian bigarrena, maiatzaren 12an. Maiatzaren 26an amaituko da txapelketa, Azkoitiko Floreagan jokatuko den jardunaldiarekin. Gero, ekainaren 2an, Lehendakari Saria jokatuko dute lehen sailkatuek, Elgetan. Azken hiru urteetan Jabier Osoro elgoibartarrak irabazi du Lehendakari Saria. Iazko Gipuzkoako txapelketan, berriz, Xabier Osoro elgoibartarrak azken sailkapeneko bigarren postua eskuratu zuen. 

•Iñaki Burunza nagusi Bergaran

Bergarako San Joxepeko bolatokian jokatu zen laugarren jardunaldian 50 bolarik hartu zuten parte, eta San Andres taldeko Iñaki Burunza soraluzearra gailendu zen, sei txirlo jota. Unai Loiolak seigarren postua eskuratu zuen, bost txirlo jota.