Tecnifuellek Elgoibarren jokatuko du Espainiako Txapelketako azken fasea, maiatzaren 2tik 6ra

Barren.eus 2018ko api. 16a, 20:36

Espainiako Eskubaloi Federazioak jakinarazi duenez, jubenil nesken Espainiako Txapelketako azken fasea Olaizaga kiroldegian jokatuko dute denboraldiko zortzi talde onenek, tartean Tecnifuelle Elgoibarrek.

Tecnifuelle bigarren multzoko Lauko Finalean lehiatuko da. Elgoibartarrek Gaztela eta Leongo talde txapelduna (Angel Optico Varilux BM Zamora), Galiziako txapelduna (Graficas Lasa Carballal) eta Madrilgo txapelduna (BM Sanse) izango dituzte aurkari. Maiatzaren 2tik 6ra bitartean jokatuko da azken fasea Olaizaga Kiroldegian.
Lehen Multzoko Lauko Finalean, berriz, Kataluniako txapelduna (KH-7 BM Granollers, Valentziako txapelduna (Elche a Grupo Assa), Galiziako txapeldunordea (BM Porriño) eta Andaluziako txapeldunordea (Adesal Cordoba) lehiatuko dira.

•Ezina ekinez egina

Espainiako Eskubaloi Federazioak gaur arratsaldean egin du multzoen zozketa. Tecnifuelle taldeak Euskadiko Txapelketa irabazi zuen lehenik, eta joan den asteburuan Espainiako Txapelketako bigarren faseko Lauko Finala irabazi zuen Burlatan, azken faserako sailkapena lortuz. Orain, Espainiako Txapelketa irabazteko aukera izango dute etxekoen aurrean. Erronka zaila izango den arren "ezina ekinez egina" lelo edo bizi filosofia gauzatzen saiatuko dira, beste behin ere. Sanlo kirol klubarentzat ere erronka handia izango da azken fasea antolatzea, baina behin baino gehiagotan erakutsi dute azken urteetan horrelako txapelketak antolatzeko gaitasuna dutela. Jubenil mutilen Espainiako Txapelketako fasea izan da antolatu duten azkena, joan den asteburuan, eta bertan parte hartu duten taldeek Sanlok eginiko lana txalotu dute eta gustura joan dira Elgoibartik.