Ainhoa Lendinez bigarren Arrasate-Udalatx mendi lasterketan

Barren.eus 2018ko api. 16a, 13:46

Arrasate-Udalatx 21 kilometroko mendi lasterketa jokatu zuten domeka goizean, eta Ainhoa Lendinez elgoibartarrak bigarren postua eskuratu zuen emakumezkoetan.

Arrasatetik irten ziren IV. Arrasate-Udalatx mendi lasterketan parte hartu zuten 330 antxitxikariak. 21 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten, ibilbide teknikoa lehen erdian -Udalatxeko gailurrera (1092 metro) igo behar zuten 9. kilometroan-, eta azkarrarragoa bigarren zatian. Aurreko egunetan egindako euriteek lagatako arrastoaren beldur ziren arren, uste baino lokatz gutxiago topatu zuten ibilbidean. 2017ko Kilimon Trail lasterketa irabazi zuen Julen Larruzea larrabetzuarra izan zen azkarrena (1:47:39) Mondraitz Kirol Klubak antolatutako lasterketan. 

Emakumeen artean Ane Zabala arrasatearra gailendu zen (2:23:58) eta Ainhoa Lendinez elgoibartarra sailkatu zen bigarren postuan (2:25:56), irabazlearengandik ia bi minutura. Udalatxeko gailurretik lehen postuan igaro zen Lendinez, baina beherakoan aurrea hartu eta helmugara bitartean abantaila gizendu zuen Zabalak. 

• Eskiak erantzi eta mendiko zapatilak jantzi

Norvegian izan berri da Lendinez (barren.eus komunitatean idatzi du hango ibilera eta bizipenen berri), eta handik iritsi berritan erabaki zuen Arrasateko lasterketan parte hartzea. "Eskiak erantzi eta mendiko zapatilak jantzi. Halaxe izan da", azaldu du. Pare bat aldiz Irukurutzetara antxintxika joatea izan da bere entrenamendua joan den astean. Ez hori bakarrik, lasterketetan aspaldi parte hartu gabe zegoen, Karakateko Igoeran jantzi baitzuen azkenengoz dortsal bat. Aurrekari horiekin, Arrasate-Udalatx lasterketan parte hartzea gogorra bezain ederra izan dela dio. Debagoieneko jendearen maitasuna eta Udalaitzeko igoera ederra nabarmendu ditu, eta dio helmugako giroak arindu ziola hanketako mina.

Probako argazkiak eta bideoa goiena.eus webgunean 

ainhoa lendinez arrasate udalatx

ainhoa lendinez arrasate udalatx podiuma goiena