Kirolak

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2018 04 14 KilimonTrail irabazleak gizonak luzekoak2018 04 14 KilimonTrail neskak luzekoakBartlomiej Przedwojewski poloniarra eta Vanessa Pelaez andoainarra nagusitu ziren atzo, larunbata, jokatu zen Mendaroko Kilimon Trail mendi-lasterketan, eta poloniarrak, ia bi minutuan ondu zuen gainera iaz Julen Larruzeak ezarritako marka, 1.54:43ko denbora eginda. Zegama-Aizkorri maratoia prestatzeko etorria da Euskal Herrira Przedwojewski beste lagun batekin batera [atzo seigarren egin zuen Marcin Rzeztokorekin], eta atzo eman zuen erakustaldia ikusita, haren dortsala begiz jota izatea komeniko da maiatzaren 27an, sei aldiz munduko txapeldun izana den Marco de Gasperi handiak helmugan ohartarazi zuen moduan . Aipagarria da, era berean, Gorka de la Horra elgoibartarrak atzo egin zuen denbora. Bederatzigarren sailkatu zen, 2:10:30eko denborarekin. Argazki bilduma dauka

2018 04 14 KilimonTrail tropelaAurreko astekoaren aldean, eguraldiak ere beste aurpegi bat agertu zuen atzo, eta jendetza handia batu zen Mendaron, bai irteera puntuan eta baita plazan ere, korrikalariak ikustera. Aurten, estreinakoz, zailtasun ezberdineko bi ibilbide prestatu zituzten antolatzaileek, eta bietan izena eman zutenak zenbatuta, 250 bat korrikalari batu ziren irteera puntura, tartean hainbat izen handi: Maite Maiora, Iker Oliveri, Mario Olmedo, Silvia Trigeros, Walter Bederra, Ander Barrenetxea, Nerea Amilibia, Miguel Ferrer eta beste zenbait. Irteerako tropelean zen atzoko irabazlea ere, ezezaguna inguru hauetan, eta bai korrikalariak eta baita antolatzaileak ere ezustean harrapatu zituena: 25 urteko Bartlomiej Przedwojewski poloniarra. Sekulako erakustaldia eman zuen Przedwojewskik. Lasterketa osoan joan zen buruan, beste bi aurreneko sailkatuekin batera hirugarren anoa-posturaino, eta hamahirugarren kilometro inguruan, beste bi lagunak atzean laga eta abiada bizian egin zuen aurrera. Bera izan zen Lizarpetik Gaintxipixarako kronoigoeran ere denbora onena egin zuena, 0:03:23ko denbora, eta bakar-bakarrik sartu zen helmugan, irribarretsu eta fresko itxura batean. Helmugan jakinarazi zuen Zegama-Aizkorrirako entrenatzera etorria zela Mendarora eta ezin gusturago zegoela lortutakoarekin. Przedwojewskik ia bi minutuan ondu zuen iaz Julen Larruzeak ezarritako denbora, gainera.

2018 4 14 Bartlomiej irabazlea

Emakumezkoetan ere ezustea izan zen. Maite Maiora mendaroarra zen lasterketa irabazteko faborito nagusia. Atzo arte jokatu ziren bat ez beste Kilimon Trail guztiak irabaziak zituen eta mendaroarra izanda bere alde zuen publikoa ere. Vanessa Pelaez andoaindarrak, baina, aurrea hartu zion eta bera izan zen helmugaratzen lehen emakumezkoa, 2:23:20ko denborarekin. Ia lau minutu gehiago behar izan zituen Maiorak, 2:24:14 eta Uxoa Irigoien sailkatu zen hirugarren, 2:45:21eko denborarekin. Irabazi ezaren pena aitortu zuen Maiorak helmugan, baina Vanessak ondo merezitako garaipena zuela nabarmendu zuen. "Nik dena eman dut, baina gaur Vanessa ni baino gehiago izan da eta zorionak eman nahi dizkiot egin duenagatik", esan zuen. Gaintxipixarako igoeran, baina, Maite bera izan zen azkarrena (0:04:05) eta Vanessa bigarren (0:04:30).

Lasterketa luzean, Eneko Salegi (2:51:04) eta Maite Maiora bera izan ziren lehengo bi mendaroarrak. Proba luzean parte hartu zuten guztien artean, Zegamako maratoian parte hartzeko dortsal bat ere zozketatu zuten antolatzaileek, Laserlan enpresak emandakoa, eta Rafa Prieto eibartarrarari, 89. dortsalari, egokitu zitzaion saria.2018 04 14 KilimonTrail mendaroarrak

• Ibilbide laburra

Estreinakoz, esan bezala, ibilbide motzeko proba ere prestatu zuten antolatzaileek atzorako, 11 kilometrokoa. Motzeko horretan, Zoihartze Moral gailendu zen gizonezkoetan (00.52:06) eta haren atzetik sartu ziren helmugan Ander de Luis Cabezon (0:53:01) eta Aitor Artaraz (0:53:01). Emakumezkoetan, berriz, Marine Izaola (1:10:04), Mari Carmen Seijas (0:10:28) eta Mertxe Uribeetxeberria (0.12:46) izan ziren hiru azkarrenak. Mendaroarrei erreparatuz gero, Aitor Etxeberria (1:09:14) eta emakumezkoetan bigarren denborarik onena egin zuen Mari Carmen Seijas bera izan ziren helmugaratzen lehenengoak.2018 04 14 KilimonTrail motza neskak

2018 04 14 KillimonTrail irabazlea motzekoa

Argazki lehiaketa

Argazki lehiaketa

GUREAN.EUS

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza