Nesken artean futbola sustatzeko helburuarekin, Kalegoen plazan arituko dira futbolean neska futbolariak barixakuan (apirilak 13), 18:00etatik 20:00ak bitartean. Parte hartzaileen artean Realeko emakumezkoen taldeko jokalariek sinatutako kamiseta bat zozketatuko dute. C.D. Elgoibarrrek iaz ere antolatu zuen futbola herritarrei gerturatzeko ekimena, eta Futbol Eskolako umeak Kalegoen Plazan, Plaza Txikian eta Lekuederreko kantxan aritu ziren futbolean. Une honetan hamazazpi neska dabiltza Elgoibarko Futbol Eskolan.
• Haundik Azpeitian jokatuko du
Haundik partida garrantzitsua jokatuko du Ikasberriren aurka Azpeitiko Garmendipe-anexo futbol zelaian, domekan, 15:45ean. Kirol taldeko arduradunek Azpeitira joateko dei egin diete zaleei. Liga amaitzeko bost jardunaldi falta dira eta hirugarren postuan sailkatuta dago Haundi, Eibar Urko liderrarengandik zortzi puntura eta bigarren sailkatuta dagoen Tolosarengandik sei puntura. Taldeko arduradunek azaldu dutenez, aurrekoekiko aldea murrizteko partida garrantzitsua da azpeitiarren aurkakoa.
∞Lotura duten albisteak