Xabier Berasategi gailendu zen Elgoibar Hiria Saria txirrindulari lasterketan

Barren.eus 2018ko api. 10a, 10:54

Ampo taldeko Xabier Berasategik irabazi zuen Elgoibarko Lagun Taldeak antolatutako Elgoibarko Hiria Saria txirrindularitza lasterketa. Josu Alvarez elgoibartarra hamargarren postuan sailkatu zen eta Elgoibarko taldeak hirugarren postua lortu zuen taldekako sailkapenean. 

Xabier Berasategi Garmendiak (Ampo-Goierriko TB) bi ordu bost minutu eta segundu batean osatu zituen jubenil mailako txirrindularientzako 38. Elgoibarko Hiria Saria txirrindularitza lasterketako 93,5 kilometroak (Ibilbidea -PDF-). Sei segundoko aldea atera zion Mintxetako helmugan Lander Lartitegiri (Basati Bike Busturia) eta 11 segundokoa Jon Arakama taldekideari.

Josu Alvarez (Ciclos Iturriaga) elgoibartarra hamargarren postuan sailkatu zen, irabazlearengandik 39 segundora. Etxeko taldeko txirrindulariak maila onean aritu ziren eta Ciclos Iturriaga hirugarren sailkatu zen taldekakoan, Mikel Perez de Obanosek (16. postua), eta Jon Ibarluzeak (23. postua) lortutako postuei esker. 146 txirrindulari batu ziren irteeran eta 98k lortu zuten proba amaitzea. (sailkapen osoa -PDF-)

• Valentziaga Oroitzarrea bertan behera

Txirrindularitza zaleak zorteko izan dira joan den asteburuan, Euskal Herriko Itzuliaz, Valentziaga Oroitzarreaz eta Lagun Taldeak antolatutako Elgoibar Hiria Saria lasterketaz gozatzeko aukera izan baitute Elgoibartik mugitu ere egin gabe. Eguenean eta barixakuan igaro zen Itzulia Elgoibartik. Valentziaga Oroitzarrea, berriz, domeka goizean jokatu zuten, baina ezbehar baten ondorioz bertan behera laga behar izan zuten. Lotura lanak egiten zituen antolakuntzako kide bat harrapatu zuen tropelak Bergara inguruan eta, hainbat anbulantzia behar izan zituztenez, lasterketa anbulantzia gabe geratu zen eta ezin izan zuten lehiatzen jarraitu. Antolakuntzak lasterketa neutralizatu zuten eta txirrindulari guztiak elkarrekin gurutzatu zuten helmuga Eibarren. Beñat Urain mendaroarra da Eibarko Txirrindularitza Elkarteak antolatzen duen lasterketako zuzendaria. Prentsa ohar honetan -PDF- duzue antolatzaileek etetearen inguruan zabaldutako adierazpena.

valentziaga oroitzarrea urain enekoitz

elgoibar hiria ampo

elgoibar hiria josu alvarez

elgoibar hiria mendarotik

EH Itzulia elgoibartik 1

EH Itzulia elgoibartik 2