Decak Olaizaga kiroldegian jokatuko du Espainiako Eskubaloi Txapelketaren Lauko Finala

Barren.eus 2018ko api. 9a, 13:33

Sanlok antolatuko du Espainiako Eskubaloi Txapelketako jubenil mutilen Lauko Finaletako bat. Hala, Deca Elgoibar taldeak Barcelona Lassa, Zaragozako B.M. Dominicos eta Logroñoko Knet Calasancio taldeen aurka jokatuko du Olaizaga kiroldegian, barixakutik domekara bitartean. Jubenil nesken Tecnifuellek taldeak ere datorren asteburuan jokatuko du Lauko Finala, Burlatan.

Sanlo kirol taldeko Deca eta Tecnifuelle taldeek Espainiako Eskubaloi Txapelketako bigarren faseko sektorea jokatzeko sailkapena eskuratu zuten Euskadiko Eskubaloi Txapelketan. Jubenil mutilen taldeak, Decak, zaleen aurrean jokatuko du, Sanlok antolatuko baitu D sektoreari dagokion Lauko Finala. Elgoibartarrek Logroñoko Knet Calasancio, Zaragozako B.M. Calasancio eta Bartzelonako Barcelona Lassa taldeak izango dituzte aurkari, Olaizaga kiroldegian. Barixakuan (apirilak 13) jokatuko dute Errioxako taldearen aurkako neurketa, 19:30ean. Zapatuan jokatuko dute aragoarren aurka, 17:45ean; eta, domekan izango da Bartzelonaren aurkako partida, 11:45ean. Sanlok kiroldegira joateko dei egin die zaleei eta herritarrei. Hala ere, joan ezin dutenek ere jarraitu ahal izango dituzte Olaizagan jokatuko diren partidak, Sanlok bere webgunean emango baititu zuzenean. 

•Tecnifuelle Nafarroan lehiatuko da

Euskadiko Txapelketa irabazi berri duen Tecnifuelle taldeak Burlatan jokatuko den Lauko Finalean hartuko du parte, barixakutik domekara. Elgoibartarrek Malkaitz talde nafarra, Kanarietako Caima eta Bartzelonako Sant Vicenc izango dituzte aurkari.

Tecnifuelle jubenil mailako Espainiako Eskubaloi Txapelketako azken fasera sailkatzetik gertu gelditu zen iaz. Elgoibarren jokatu zuten bigarren faseko Lauko Finaletako bat. Txapelketa aparta jokatu zuten elgoibartarrek, baina Handbol Sant Quirze kataluniarren aurkako azken partida erabakigarrian gol bateko aldeaz galdu zuten. Iaz lortu ezin izan zutena lortzeko aukera berri bat izango dute datorren asteburuan. 

sanlo espainia txap elgoibar kartela sanlo espainia txap elgoibar tecnifuelle burlata kartela

 

∞Lotura duten albisteak: