Apirilaren 22an izango da Jose Gurrutxaga haur krosa

Barren.eus 2018ko api. 6a, 09:13

Apirilaren 22an jokatuko da Elgoibar ikastolak urtero antolatzen duen Jose Gurrutxaga haur krosa. Mendaroko eta Elgoibarko ikastetxeetako eskola-umeek parte hartu ahal izango dute, eta dagoeneko 784 umek eman dute izena. Adinka eta sexuka banatuko dituzte haurrak korrikarako eta hamahiru lasterketa izango dira guztira. 

Lehenengoak, 2010 eta 2011. urteetan jaiotakoak, 10:30an abiatuko dira, lau taldetan banatuta, eta 328 metroko distantzia egingo dute korrika. Orduerdira 2009an eta 2008an jaiotakoak irtengo dira eta 609 metro egingo dituzte korrika. 11:30ean abiatuko dira 2007an eta 2006an jaiotakoak eta hauek kilometro eskas egingo dute korrika, 943 metro. Hamahirugarren lasterketa 2005, 2004, 2003 eta 2002an jaiotako neska-mutilena izango da. 12:00etan irtengo dira, eta 1.423 metroko ibilbidea egingo dute.

Lasterketa guztiak amaituta, 2001. urtetik atzera jaiotakoek izango dute korrikarako aukera. Zirkuitoari hiru buelta eman beharko dizkiote (3.613 metro guztira). Izen-emateak udaletxeko arkupeetan egingo dira, eta 10:30ean itxiko da izena emateko epea. Lasterketa guztiak amaitu ostean, sari banaketa ekitaldia egingo dute Kalegoen plazan bertan.