Sonia Archeli mendaroarrak zilarrezko domina lortu du Txinako Munduko Sokatira Txapelketan

Barren.eus 2018ko mar. 23a, 09:12

Sonia Archeli Munduko Txapelketan lehiatu berri da Txinan, Arabako Badaiotz sokatira taldearekin. Hiru dominarekin -zilarrezko bat eta brontzezko bi- pozik itzuli da Mendarora.

Duela urtebete inguru hasi zen sokatiran Sonia Archeli (Eibar, 1975), eta hasi eta urtebetera, Txinaraino eraman du sokatirak. Arabako Badaiotz taldearekin lehiatu da han, Munduko Sokatira Txapelketan. Aitortu du ez dutela euren onena ematerik izan, baina hala ere, hiru dominarekin itzuli da Mendarora, pozik. “Esperientzia izugarria izan da”. Kirol ezberdinak probatutakoa da, baina sokak erabat lotu duela dio. “Talde hau izugarria da”. Nesken taldea da Badaiotz, eta Euskal Herriko txapeldunak dira 550 eta 500 kiloko kategorietan eta 4x4koan; munduko txapelketetan urrezko sei domina irabazitakoak ere badira.
Oraingo honetan, brontzezko bi domina eta zilarrezko bat lortu dituzte Txinan. Zilarra taldekakoan lortu zuten, 500 kiloko kategorian. Egun horretan hiru euskal taldek osatu zuten podiuma: Gaztedi, Badaiotz eta Ibarra. "Klubeka lehiatu ginen bi egun horietan, baina, nahi eta ezin ibili ginen, urduri oso. Euskadiko txapeldunak izanda, gu ginen irabazteko faborito nagusiak, baina urduri jardun ginen, bereziki lehenengo egunean. Bigarren egunean beste indar batekin jardun ginen, eta guretzat urrearen balorea duen zilarrezko domina eskuratu genuen. Euskadiko selekzioarekin brontzezko bi domina eskuratu genituen, finaletan Txina eta Taiwan garaituta. Eta izugarrizko lorpena izan da, kontuan hartuta Txina eta Taiwangoak sokatiratalde profesionalak direla. Egunean sei bat orduz entrenatzen dira eta gu baino mila aldiz baliabide gehiago dituzte. Diziplina handikoak dira, eta izugarria da haiek tiraka ikustea. Milimetroaren barruan ematen dute pausoa ere", azaldu du Soniak.

sonia sokatira mendaro beltz

sonia sokatira mendaro v1