Atila eta Darko izeneko txakurrekin lehiatu zen Imanol Cid elgoibartarra, bi txakur eta lerako modalitateko Espainiako Mushing Txapelketan. Elur gainean gutxi ibilitako txakurrak izanik, nola ibil zitezkeen erreferentziarik gabe joan zen Cid txapelketara. Hamabost lehiakide izan zituzten euren modalitatean eta txakurrak primeran moldatu ziren antolatzaileek Baqueira Beret eski estazioan prestatu zituzten bost kilometroko ibilbide elurtuetara. Bi jardunaldi zituen txapelketak eta bietan bigarren postua eskuratu zuten Imanol Cidek eta bere txakurrek. Gaizka Barahona Royo euskal musherra izan zen onena bi jardunaldietan eta berak irabazi zuen txapelketa.