Haundi ikustera Beasainera joateko autobusa, debalde

Barren.eus 2018ko mar. 13a, 22:44

Haundik Beasainen aurka jokatuko du domekan, martxoaren 18an, Loinatz futbol zelaian. Igoera lortzeko ahaleginean partida garrantzitsua dela-eta, autobusa antolatu du C.D. Elgoibarrek Beasainera joateko, duela gutxi Soraluzera joateko egin zuten moduan.

Autobusa Txankakoako zubitik irtengo da 15:45ean, partida 17:00etan jokatuko baita Beasainen. Doakoa bada ere, interesatuek Jai Alai eta Kaia tabernetan eman beharko dute izena, barixakuko 18:00ak baino lehen. Eguaztenean, 17:15etik 18:30ak bitartean, klubak Mintxetan duen bulegoan ere egongo da autobuserako izena emateko aukera. C.D. Elgoibarren kamisetarekin eta bufanda zurigorriekin azaltzeko ere eskatu die taldeak zaleei. Martxo hasieran Soraluzera joateko doako autobusa antolatu zuen C.D. Elgoibarrek zaleentzako eta ondo irten zitzaien jokaldia, 2-3 irabazi baitzuen Haundik Soraren aurkako partida.

• Igoera lortzeko lehian

Une honetan, 23 jardunaldi jokatu eta gero, hirugarren postuan dago Haundi 42 punturekin. Hiru puntu gehiago ditu bigarren postuan dagoen Tolosak eta 49 puntu ditu lidergoan sendo dagoen Eibar Urko taldeak. Laugarren sailkatuak, Aloña Mendik, 41 puntu ditu eta 34 puntu bosgarren postuan dagoen Zumaiakok. Honenbestez, Liga amaitzeko zazpi jardunaldiren faltan, igoera lortzeko lehian buru belarri sartuta dago Omar Aizpuruk entrenatutako taldea. Izan ere, lehen postuan sailkatzen den taldeak zuzenean lortuko du igoera. Bigarrenak kanporaketa jokatu beharko du beste multzoko talde baten aurka; eta, aukera dago hirugarren sailkatuak ere kanporaketa jokatzekoa, guztiz ziurra ez bada ere.