Nerea Sasiainek laugarren egin zuen Espainiako Atletismo Txapelketan, eta Euskadiko errekorra ondu zuen

Barren.eus 2018ko mar. 13a, 08:15

Pista estaliko Espainiako Atletismo Txapelketa jokatu dute jubenil mailako atletek Malagako Antequera hirian, joan den asteburuan. Mintxeta Atletismo Taldeak bi ordezkari izan ditu: Nerea Sasiain finalerako sailkatu zen 400 metroko lasterketan; eta, Martin Hernandezek ez zuen finalera sailkatzerik lortu 800 metrotako lasterketan.

Euskadiko Atletismo Txapelketan urrezko hiru domina lortu ostean, -Sasiainek bi eta Hernandezek bat-, Mintxetako bi ordezkariek Espainiako Atletismo Txapelketan lehiatu dira. Finalerdiak jokatu ziren lehen jardunaldian, zapatuan. Nerea Sasiainek bere serieko bigarren postua eskuratu zuen 400 metroko lasterketan, eta eginiko denborari (56,77) esker lortu zuen finalerako sailkatzea. Laura Centella kataluniarrak irabazi zuen seriea 56,76ko denborarekin, Sasiainek baino ehuneko bakar bat gutxiago eginda. Bere marka pertsonala izateaz gainera, pista estaliko Euskadiko errekorra ere bada denbora hori, 20 urtez azpikoetan. Eta ez hori bakarrik, denboraldiko Euskadiko markarik onena da senior mailako antxitxikariak ere kontuan hartuta.
• Europako marka onena
Domekan jokatu zuten finalak sekulako maila izan zuen. Andrea Jimenezek irabazi zuen proba, eta 54,26ko denborarekin Espainiako errekorra ondu zuen. Hala, Avilako antxitxikariak joan den urtarrilean berak ezarritako errekorra ondu zuen. Espainiako errekor berria denboraldiko Europako marka onena ere bada, eta munduko hirugarrena 18 urtez azpiko atleten artean. Carmen Aviles andaluziarrak egin zuen bigarren (55,53) eta Laura Centellak hirugarren (56,05). Nerea Sasian sailkatu zen laugarren postuan, 56 segundo eta 87 ehuneko denbora eginda. Finalera sailkatzea zen Sasiainen helburua eta podiumera igotzeko gutxi falta izan zitzaion. Denborari dagokionez, 57 segundotik jaistea zuen helburutzat eta bi alditan lortu zuen, finalerdietan eta finalean.
Martin Hernandez finaletik kanpo
Martin Hernandezek 800 metroko lasterketan hartu zuen parte Antequeran. Zapatuan, finalerdietako seriean lehiatu zen eta laugarren postuan sailkatu zen 1.58,53ko denbora eginda. Finalera sailkatzetik zortzi ehunekora gelditu zen, bere serieko lehen hirurak sailkatu baitziren finalerako. Bere marka pertsonaletik lau ehunekotara gelditu zen Mintxetako antxitxikaria.

nerea sasiain antequera mintxeta elgoibar v2

∞ Lotura duten albisteak: