Txapel guztiak etxera eramateko gutxi falta izan zitzaien egañatarrei

Barren.eus 2018ko mar. 6a, 15:59

Elgoibarko Ehiza Xehe Txapelketa jokatu zuten domekan Arabako Zanbrana herrian dagoen El Castillo izeneko ehiza barrutian, eta egañatarrak izan ziren protagonista nagusiak.

La Union Ehiza eta Arrantza elkarteak antolatuta, martxoaren 4an jokatu zuten Elgoibarko Ehiza Xehe Txapelketa. Azken urteetan egin ohi duten moduan, Zanbranan jokatu zen ehiza txapelketa. Senior gizonezkoen mailan bi ehiztari nabarmendu ziren; David Conde eta Arkaitz Egaña. Batak zein besteak zazpi eper ehizatu zituzten domekan, baina David Condek irabazi zuen lehia, lehenago aurkeztu baitzuen ehizatutakoa kontrol postuan. Beteranoen artean, Joxe Mari Egaña gailendu zen, lau eper ehizatuta. Emakumezkoetan Leire Egañak, Joxe Mariren alabak eta Arkaitzen arrebak, irabazi zuen txapelketa, hiru eper ehizatuta. Hala, tripletea lortu eta jokoan zeuden txapelak irabazteko gutxi falta izan zitzaien egañatarrei. Hiru txapelak lortu ez arren, gustura daudela egindako lanarekin azaldu dute, hiruren artean hamalau eper ehizatzea lortu zutelako bereziki. 

Ehiztariek atseden hartuko dute orain, iraileko azken astean jokatuko baita zonaldeko ehiza txapelketa, eta urrian Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak.

ehiza elgoibar zambranan leire egana

ehiza elgoibar zambranan koxe mari egana

ehiza elgoibar txap zambrana ehiztariak txakurregaz