Hirugarren izan da Ramon Garcia Gaztela eta Leongo Itzuliko sailkapen nagusian

Barren.eus 2018ko mar. 6a, 14:41

Master mailako txirrindularientzako Gaztela eta Leongo Itzulia jokatu dute asteburuan, eta sailkapen nagusiko hirugarren postua, -eta bere kategoriako bigarrena-, eskuratu zituen Ramon Javier Garcia elgoibartarrak (Eibartrans-Gobike).

Gaztela eta Leongo Itzulia martxoaren 3an eta 4an jokatu zuten: zapatu goizean erlojupeko saioa eta arratsaldean lineako proba; eta, domekan azken etapa. Eibartrans Gobike taldeko Ramon J. Garcia primeran moldatzen da erlojuaren kontrako lanean, bere proba gogokoena ere badelako, eta denbora bikaina egin zuen Benavente hiriko kanpoaldean prestatu zuten 11,4 kilometroko ibilbidean. Hamabost minutu eta lau segundoan osatu zuen proba eta lidergoan mantendu zen azken txirrindularia irten zen arte. Proba irabazteko faborito nagusia zen, baina, azkena irten zen txirrindularia, Raul Portillo, eta 30 segundoan ondu zuen txirrindulari elgoibartarraren denbora (erlojuaren kontrako etapako sailkapena). 

Zapatu arratsaldeko etapa "infernu bat" izan zela azaldu du Garciak, eguraldi petrala izan zutelako, "euripean aritu ginen etapa guztian eta termometroak ez ziren hiru gradutik igo. Hipotermiak jota ailegatu ginen tropeleko kide ia guztiak helmugara". Garciak sailkapen nagusiko bigarren postuari eutsi zion arren, hamar segundo gehiago galdu zituen.
•Bigarren postua segundo bakarrera
Domekan, Benaventen hasi eta amaitu zen 106 kilometroko etapan lehiatu ziren txirrindulariak. Eraso askoko etapa izan zen arren, lasterketa buruan iristea lortu zuela azaldu du Garciak. "Bosgarren egin nuen, baina hiru segunduko aldea atera zidan sailkapen nagusian atzetik nuenak, eta sailkapen nagusiko bigarren postua, eta nire kategoriako lidergoa ere galdu nituen, segundu bakarrengatik". Karrantzako txirrindulari Raul Portillok (Norinver Cycling Team) irabazi zuen itzulia. Jose Ignacio Mendez (Garaje Paco-CC Lugones) sailkatu zen bigarren postuan, irabazlearengandik 41 segundora, eta 42 segundora gelditu zen hirugarren egin zuen Ramon Garcia (Eibartrans-Gobike). Bigarren eta hirugarren sailkatua Master M30 mailan lehiatzen direnez, Mendez izan da irabazlea eta Garcia txapeldunorde adin tarte horretako sailkapenean, segundo bakar baten gorabeheran (ikus sailkapena).

Lotura duten albisteak:

master gaztela leon ramon garcia maoññot horia