Mugertza krosak IAAF kategoriari eutsiko dio 2015-2016 kros denboraldian

Barren.eus 2015ko api. 16a, 22:04

Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) kros lasterketen egutegian sartu du aurten estreinakoz Elgoibarko Juan Mugertza Nazioarteko Krosa, eta 2015-2016 denboraldian ere eutsi egin dio IAAF kategoriari. Alegia, Elgoibarkoa munduko 11 krosik onenen artean dago.

 IAAFeko kontseilua 2015-2016 denboraldirako kros lasterketen egutegia adosteko batu zen, eguaztenean, Pekinen (Txina), eta 11 probaz osatutako egutegia aurkeztu dute. Horien artean dago 2016ko urtarrilaren 24an Elgoibarren jokatuko den Mugertza krosaren 73. edizioa. (ikus hemen: IAAF kategoriako kros lasterketen egutegia - PDF)

Hortaz, atletismo zaleek munduko atletarik onenak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, beste behin ere, Mintxetan. Makina bat munduko txapeldun pasa dira Elgoibartik, eta Elgoibartik pasa ostean Munduko txapeldun izatera iritsi direnak ere badira tartean. Horixe da Geoffrey Kipsang Kamworor kenyarraren kasua. Egungo Munduko kros txapeldunak -Guiyang-en (Txina) eskuratu zuen titulua joan den martxoaren 28an- bigarren postuan sailkatu zen 2012ko Mugertza krosean, Paul Tanui irabazlearekin sprint ahaztezina jokatu eta gero.