Bigarren postua Arkaitz Iruretarentzat eta Javi Dominguezentzat Alta Ruta Pyrene lasterketan

Barren.eus 2018ko ots. 28a, 15:27

Eskiatzaile elgoibartarrek emaitza onak eskuratu dituzte joan den asteburuan ere. Arkaitz Iruretak eta Javi Dominguezek osatutako bikoteak iazko garaipena errepikatu ezin izan zuen arren, bigarren postua lortu zuen Alta Ruta Pyrene mendi eski lasterketan. Izabako neguko triatloia ere jokatu da asteburuan eta Ibon Serranok bigarren egin zuen bere adin tartean.

Mendi eskiko lasterketen denboraldia amaierara iristen ari den arren, probarik garrantzitsuenak jokatzeko dituzte oraindik eskizaleek, Altitoy eta Pierra Menta, besteak beste. Bietan izango dira elgoibartarrak. Arkaitz Iruretak eta Javi Dominguezek osatutako bikoteak, esaterako, Pierra Mentan errepikatzeko asmoa du aurten ere; eta Altitoyn ere lehiatuko dira datorren asteburuan. Pirinioetara eta Alpeetara joan aurretik, baina, euskaldunentzat horren ezagunak diren Linza inguruko mendietan lehiatu dira joan den asteburuan, Alta Ruta Pyrene mendi eski lasterketan. Linzako lepotik hasi eta handik Petretxema, Hiru Erregeen Mahaia, Budogia eta La Pakiza de Linzola artean jokatu zuten lasterketa. Iaz eskuratutako txapela defendatzera joan ziren Arkaitz Irureta eta Javi Dominguez. " Javi zezena bezela dago, baina nik aurtengo neguan hilabete galdu dut gripearen eta orkatileko lesio baten ondorioz, eta aurreko astean bueltatu nintzen eskiatzera. Horregatik, lasterketa eta entrenamendu falta nabaritu nuen", azaldu du Iruretak. Edonola ere, nahiko luketen sasoi puntuan egon ez arren, pozik bueltatu dira lortutako bigarren postuarekin. Ängel Prado eta Luis Royo Jakako eskiatzailek irabazi zuten proba. Honela azaldu du Iruretak euren parte hartzea: "Irteeratik hiru bikotek hartu genuen lasterktaren burua. Jacako bikotea aurretik, Javi eta biok haiei segika, eta atzetik Jokin eta Iñigo Oñati eta Arrasateko eskiatzaileak. Sei igoera egin behar genituen, eta igoera bakoitzean elkarren arteko distantzia handitzen joan zen poliki poliki. Laugarren igoeran aurretik genituenak harrapatzeko ahalegina egitea erabaki genuen. Javik goma bota zidan, eta igoera txukuna egin genuen. Laugarren jaitsieran denborarik onena ere markatu genuen. Halere, aurrekoek ere taktika bera erabili zuten, goma atera zuten, eta ezin izan genien tartea gutxitu. Gure ahaleginak, gutxienez, hirugarrengoekiko aldea handitzeko balio izan zigun". Andoni Gabilondo elgoibartarrak ere hartu zuen parte proban. B Ibilbidean lehiatu zen Gabilondo, bakarka, eta 19. postuan sailkatu zen Morkaiko Mendizale Elkarteko ordezkaria (ikus sailkapenak).

alta ruta pyrene irureta dominguez linza elgoibar

• Ibon Serrano bigarren Izabako Neguko Triatloian
Erronkari Bailarako Neguko Triatloiaren 8. ekitaldia jokatu zuten domekan Izaban. Izabako pilotalekutik irten eta Urzainki aldera doan errepidea hartu zuten antxitxika 8,3 kilometrko ibilbidea egiteko. Bizikletako tartean San Martin Harria mendatea igo behar zuten 22 kilometroko ibilbidean. Azken proban, iraupen eskikoan, hamar kilometro egin zituzten Larra Belaguako eski estazioko El Ferial izeneko pistan, han bukatzen baitzen bizikletako proba. Ibon Serranok hirugarren postua eskuratu zuen iaz beteranoetan, eta podiumean koska bat igotzea lortu du aurten, bigarren postuan sailkatu baitzen.

izaba triatloia ibon serrano elgoibar