Urrezko bi domina Nerea Sasiainentzat eta beste bat Martin Hernandezentzat Euskadiko Txapelketan

Barren.eus 2018ko ots. 26a, 18:38

Gipuzkoako txapelketan lortutako domina kopurua -lau- berdindu dute Mintxetako atletek pista estaliko Euskadiko atletismo txapelketan, baina hiru domina urrezkoak izan dira oraingoan.

Hogei urtez azpikoen Euskadiko Atletismo Txapelketa jokatu zuten zapatuan Donostiako Anoetako belodromoan, eta Gipuzkoako txapelketan gertatu zen moduan, emaitza bikainak eskuratu zituzten Mintxeta Atletismo Taldeko kideek. Nerea Sasiainek eginiko lana nabarmendu behar da, urrezko bi domina irabazi baitzituen, 200 eta 400 metroko lasterketetan. 400 metroko proban, gainera, Gipuzkoako errekorra ondu zuen Sasiainek, bigarrengoz hil honetan, joan den otsailaren 10ean ondu baitzuen errekorra aurrenekoz. Orduan eginiko 57,43ko markari 15 ehuneko jan dizkio antxitxikari elgoibartarrak eta 57,28 segundoan laga du marka berria. Sasiainez gainera, finalean bigarren egin zuen Ainara Mugartegik (59,07) bakarrik lortu zuen minutuaz azpitik korrika egitea. Sasiainek 200 metroko proban ere hartu zuen parte eta hor ere bera izan zen azkarrena. Finalaurreko bere seriea 25,99ko denbora eginda irabazi zuen, bere marka pertsonala eginez. Beste horrenbeste egin zuen finalean: lasterketa irabazi eta marka hobetu (25,60). Sasoi betean eta animoak goian dituela lehiatuko da Sasiain Malagan jokatuko den Espainiako txapelketan, martxoaren 10ean eta 11n. Sasiainek lagun izango du Martin Hernandez taldekidea Antequeran, biek gutxieneko markak lortuak dituztelako. Hernandezek Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen seniorretan 800 metroko lasterketan eta aurreko asteburuan 20 urtez azpikoen Gipuzkoako txapelketa ere irabazi zuen. Euskadiko txapelketan ere bera izan da azkarrena. Ez zuen areriorik izan eta ia bi segundoko aldea atera zien bigarren eta hirugarren sailkatuei.

• Zilarrezko domina Eider Iglesiasen jauziarentzat

Eider Iglesiasek lortu zuen laugarren domina Mintxeta taldearentzat. Iglesias luzera jauzian lehiatu zen eta zilarrezko domina irabazi zuen bost metro eta zazpi zentimetroko jauziari esker. Hala, zazpi zentimetroan ondu zuen Gipuzkoako Txapelketan brontzea eskuratzeko balio izan zion jauzia. Urrea irabazteko motz gelditu zen ordea, Atletico San Sebastian taldeko Usoa Lopezek 5,26 metroko jauziarekin irabazi baitzuen finala.
Mintxetako atleta gehiagok ere hartu zuten parte Euskadiko Txapelketan. Josu Sanchezek 23. postua eskuratu zuen 60 metroko lasterketan, 7,79ko denbora eginda. Maialen Izagirre podiumera igotzetik gertu gelditu zen 600 metroko lasterketan bosgarren eginda. Izagirrek bere marka pertsonal onena egin zuen 1.50,6 denborarekin. Azkenik, Iñaki Beasainek 8. postua lortu zuen 1.500 metroko lasterketan, 4.35,85eko denbora eginda.

*Argazkiak: Mintxeta A.T.

euskadi atletismo txap podium martin hernandez mintxeta

euskadi atletismo txap podium eider iglesias mintxeta

∞ Lotura duten albisteak: