Lau domina eskuratu dituzte Mintxetako atletek Gipuzkoako txapelketan

Barren.eus 2018ko ots. 20a, 12:56

16, 18 eta 20 urtez azpikoen Gipuzkoako Atletismo Txapelketak jokatu dituzte asteburuan Donostiako Belodromoan. Mintxeta Atletismo Taldeko hainbat kidek parte hartu zuten txapelketan eta podiumera igotzea ere lortu zuten lauk. Martin Hernandez Beitiak urrezko domina irabazi zuen 800 metroko lasterketan, 2.05,87 denbora egin eta gero. Nerea Sasiain Uranga 400 metroko lasterketan lehiatzen ari da azken aldian. 20 urtez azpikoen Gipuzkoako errekorra ondu zuen aurreko asteburuan eta proba horretako Espainiako Txapelketan parte hartzeko gutxieneko marka ere lortua du. Alabaina, 200 metroko proban lehiatu zen Gipuzkoako Txapelketan, eta ez zen batere gaizki aritu, zilarrezko domina eskuratzeaz gainera, 26,02ko denborarekin bere marka pertsonala ondu baitzuen. Ander Armendi Gabilondok 400 metroko lasterketan hartu zuen parte eta hirugarren postuan sailkatu zen, 53,13ko denbora eginda. Eider Iglesiasek ere brontzezko domina lortu zuen luzera jauzian. Bost metroko jauzia egin zuen, denboraldiko bere marka onena. Nerea Sasiainek eta Martin Hernandezek Euskadiko Atletismo Txapelketan hartuko dute parte datorren asteburuan eta Espainiako Txapelketan martxoaren 10ean eta 11n, Antequeran (Malaga, Espainia). 

Hona hemen Mintxetako kideek Gipuzkoako Txapelketan lortutako emaitzak:
60 metroko lasterketan

  • Iosu Sanchez Reyna 7,82. 15. postuan sailkatu zen.
  • Eider Iglesias Alconero 8,53 (ez zuen finalean parte hartu)

200 metroko lasterketan

  • Nerea Sasiain Uranga 26,02 (Marka Pertsonala). Zilarrezko domina.
  • Ander Armendia Gabilondo 23.79 (MP). 4. postuan sailkatu zen

300 metroko lasterketan

  • Maialen Izagirre Arriola 48,40 (MP). 12. postuan sailkatu zen.

400 metroko lasterketan

  • Ander Armendia Gabilondo 53,13. Brontzezko domina.

800 metroko lasterketan

  • Martin Hernandez Beitia 2.05,87. Urrezko domina.
  • Aner Gallastegi Montero 2.17,92 (MP). 7. postuan sailkatu zen.

1.500 metroko lasterketan

  • Iñaki Beasain Ayerbe 4:34.56 (MP). 6. postuan sailkatu zen.

• Luzera jauzia

  • Eider Iglesias Alconero 5.00 metro. Brontzezko domina.