BBCra ere ailegatu da Haundiko eta Idiazabalgo jokalariei euskaraz egiteko epailearen debekua

Barren.eus 2018ko ots. 19a, 19:02

Oihartzun zabala izaten ari da Idiazabal eta Elgoibar taldeen arteko neurketako epaileak hartu zuen erabakia, zelaian euskaraz egiten zuena kaleratu egingo zuela, alegia. Manuel Sarrion arbitroak hala izan zenik gezurtatu badu ere. Euskal Herriko mugetatik kanpoko hainbat medioen arreta ere piztu du gaiak, BBC agerkari prestigiotsuarena, horien artean. Elgoibarko Udalak ere gertaturikoa salatzeko adierazpena zabaldu du.

BBC Erresuma Batuko irrati-telebista kate publikoak Mundu osoko berriak batzen ditu BBC World agerkarian, eta zapatuan Idiazabalgo futbol zelaian gertatutakoa ere eraman dute lerroburuetara bbc.com atarian ikus daitekeenez.

Marca kirol aldizkariak argitaratutakoa oinarritzat hartuta, Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuaren adierazpenak jaso ditu BBC Worldek. Izan ere, hedabideetan izan duen oihartzunaz gainera, arduradun politikoen erreakzioa ere eragin du futbol partida batean euskara erabiltzearen debekuak. Gertatutakoa salatu du Markel Olano Gipuzkoako aldun nagusiak ere. Twitter bidez, babesa adierazi die jokalariei. "Gipuzkoako gizartea etorkizunera begira hasi denean horrelako jarrerekin atzera begiratu behar izatea tristea da benetan" jaso du zabaldutako mezuan.
Era berean, Twitter sare sozialeko euskarazko jarduna neurtzen duen umap.eus-en ere txio nabarmenenen artean dago berria.eus-ek argitaratutako albistea.

• Arbitroaren bertsioa

Euskaraz hitz egiteagatik jokalariak zigortuko zituela esan izana ukatu du gaur Manuel Sarrion arbitroak Euskal Telebistari eman dizkion adierazpenetan. Are gehiago, ez ziela debekatu euskaraz hitz egitea esan du Gipuzkoako Futbol Federazioan.
Sarrionek ETBri azaldu dionez, azarotik bizi da Gipuzkoan, eta ez du euskara ulertzen, eta, horregatik, partida hasi aurretik taldeetako ordezkariekin biltzen da bere egoera pertsonala zein den azaltzeko. Berari gaztelaniaz hitz egiteko eskatzen die, baina partidan zehar euren artean euskaraz hitz egin dezaketela esaten die.
Idiazabalgo eta Elgoibarko futbol taldeek oso bestelako bertsioa dute, eta neurriak hartzeko eskatu diote Federazioari. Partidako aktan ez dago jasota futbol taldeek salatu dutena, eta egoera aztertu egin behar dutela esan dute Gipuzkoako Futbol Federaziotik. Lehiaketa Batzordea martitzen arratsaldean bilduko da, eta orduan erabakiko dute zer egin: txosten informatiboa ireki edo bestelako neurriren bat hartu.
Elgoibarko eta Idiazabalgo Udalek gaitzetsi egin dute gertatutakoa eta babesa eman diete bi taldeei.

•Elgoibarko Udalaren adierazpena

Hona hemen Elgoibarko Udalaren adierazpena Idiazabal-Elgoibar futbol partidan gertatutakoaren aurrean:

Idiazabal-Elgoibar futbol partidan jokalariei euskaraz egitea debekatzearen aurrean, Elgoibarko Udalak jarrera hori salatu nahi du, eta babesa eta laguntza eskaini nahi dizkio CD Elgoibarri.

Haundi taldeak Idiazabalen jokatu zuen partidan, Manuel Sarrión González epaileak euskaraz hitz egitea debekatu zien jokalariei eta horrek haserrea sortu du bi klub horietan, baita jendartean ere.

Ez da lehen aldia epaile horrek horrelako jardueraren bat egiten duena, beraz, Elgoibarko Udalak bat egiten du hori jasan behar izan dutenekin, eta gaitzespenik irmoena adierazi nahi du.

CD Elgoibarrek euskararekiko konpromisoa eta jarrera garbia erakusten ditu, eta ahalegina egiten du klubean euskararen erabilera sustatzeko. Horren adierazgarri da Elgoibarko Izarra elkartearekin eta Udalaren Euskara Sailarekin duen elkarlana. Horrexegatik, Udalak taldeari ematen dion babesa berretsi nahi du, eta aurrerantzean ere ildo horretatik jarraitzeko asmoa adierazi nahi du.