Iñigo Lariz eta Maite Maiora Euskal Herriko txapeldun mendi eskian

Barren.eus 2018ko ots. 19a, 10:41

Bandres-Karolo Memoriala jokatu dute asteburuan Izaban, Belagoako bailaran. Mendi eskian Euskal Herrian egiten den proba bakarra, aurten bertikaleko Euskal Herriko Txapelketa ere izan da, eta Iñigo Lariz elgoibartarrak eta Maite Maiora mendaroarrak jantzi dituzte irabazlearen Txapelak.

Euskal eskizaleentzat mendi eskiko proba politenetako bat da denboraldian Bandres-Karolo Memoriala. Antxon Bandres eta Carlos Imirizaldu Karolo omentzen ditu mendiko eskiko proba honek 2012az geroztik. Gainera, aurten, Euskal Herriko Txapelketa jokatu zuten lehen eguneko saioan, zapatuan, kronoigoera edo Igoera bertikaleko modalitatean. Larizek 38 minutu eta 58 segundoan osatu zuen igoera eta 36 segundoko aldea atera zion Mikel Navarrori. Javi Dominguezek egin zuen hirugarren (39:49). Maite Maiorak 45 minutu eta 33 segundoan bukatu zuen proba, emakumezkoen proba irabaziz. Laura Solak egin zuen bigarren (46:29) eta Igone Camposek hirugarren (47:30). Iñigo Larizentzat mendi eskian proba bertikaleko Euskal Herriko txapelketa irabazi duen zazpigarren aldia izan da. Maite Maiorak, berriz, estreinakoz irabazi du titulu hau.

Domekan Karolo-Bandres Memorialeko lineako proba jokatu zen eta gizonezkoetan Iñigo Lariz izan zen azkarrena, beste behin ere. Elgoibartarrak bi ordu 33 minutu eta 44 segundoan osatu zuen ibilbidea. Javier Tirapuk egin zuen bigarren (2:36:49) eta Javi Dominguezek hirugarren (2:39:23). Bertikaleko eta lineako probak kontuan hartzen dituen sailkapen konbinatuan ere hiru eskiatzaile horiek igo ziren podiumera.
Sailkapen Konbinatua (Bertikala + lineako proba)

  1. Iñigo Lariz 3:12:42
  2. Javier Tirapu 3:16:48
  3. Javi Dominguez 3:19:12

Emakumezkoetan Laura Sola izan zen azkarrena (3:03:00) lineako proban. Izaskun Zubizarreta sailkatu zen bigarren postuan (3:05:51) eta Maite Maiorak egin zuen hirugarren (3:09:18). Sailkapen konbinatuan ere ordena berean sailkatu ziren hirurak:

  1. Laura Sola 3:49:29
  2. Izaskun Zubizarreta 3:54:14
  3. Maite Maiora 3:54:51

karolo bandres lariz eskiatzen

• Iñigo Lariz: “Oso pozik nago akatsik gabeko lasterketak egin ditudalako. Bi egunetan neukan dena eman dut”

Eskiko Euskal taldeko arduradun nagusi den Iñigo Larizek irribarrea gutxitan galtzen du, baina asteburu honetan sekula baino zabalago erakutsi du, izan ere gozakaitz zebilen denboraldi honetan, eta sentsazio onak berreskuratu ditu Bandres-Karolo Memorialean. Proba bertikaleko Euskal Herriko zazpigarren txapela du jada, gehien zituenaren pare jarriz, Joseba Ormazabal tolosarraren pare.
“Baldintza oso oso onak izan ditugu. Bertikalean basoan egin zuten ibilbidea, teknikoa, mendiko bertikal bat izan zen. Gogorra izan zen elur ustela zegoelako eta desnibel handia. Igandean ostera oso mendiko ibilbidea jarri ziguten, gozada bat, areago bezperan egindako elur berri kapatxoarekin. Haizeak ekarri zuen gogortasuna, arrastoa ezabatu egin baitzuen eta ondorioz aurretik gindoazenok zabaldu behar izan genuen. Javier Tirapuk esaterako izugarrizko lana egin zuen lehen igoeran eta gero horrek kalte egin zion lasterketa lehiatzean. Baina orokorrean asko gozatzeko ibilbideak izan dira”
“Nire aldetik zalantzekin heldu nintzen, nire lekua non ote zegoen, denboraldi nahasi xamarra neraman eta. Neure alde izan dut Iñigo Martinez de Albornozek eta Pablo Oderizek ez parte hartzea, ni baino gehiago baitira. Baina oso pozik nago egindakoarekin, akatsik gabeko lasterketak egin ditudalako. Bi egunetan neukan dena eman dut, eta horrekin oso gustura nago”

“Alti-Toy izango da hurrena. Ilusionatuta gaude, Nafarroako eta Euskadiko selekzioen uztarketa eginez osatuko ditugulako taldeak: Iñigo Martinez de Albornoz eta Pablo Oderiz, Mikel Navarro eta Juanjo Goikoetxea, Igor Alzelai eta biok, eta nesketan Igone Campos eta Lide Leibar. Nahia Quincoces Marta Riba kataluiniarrarekin aterako da. Eta juniorretan Aitor Ajuria eta Ander Gaviñak osatuko dute bikoteetako bat, eta bestea Rafa Urbizu eta Ibai Otaegik.”

karolo bandres maiora aldapan

Maite Maiora: “Nire lehenengo Txapela da bertikalean, bai, ezustean hartu dut, eta ilusioa egin dit”

Mendi lasterketen 2017ko Erregiña, indar oinarria lantzen ari da 2018ari begira. Aurreko asteburuan Euskadiko Kross luzeko Txapelketan 7. sailkatu zen, aurten egin duen kross bakarra, iazko mendi lasterketetatik arrastan zuen tendoietako lesiotxo bat osatze aldera ez baitu kalitatea entrenatzeko aukerarik izan. Eta mendi eskiko zeharkaldiak ere egin nahi ditu lan egutegiak uzten dion artean. Ezta elur lehiaketetan maiz ibilitakoa, baina jada badu lehenengo Txapela, zapatuan irabazitakoa.
“Nahia Quincoces falta zen, hori alde izan nuen, argi baitago bera dela mendi eskiko euskal erreferentzia nagusia. Nire lehenengo txapela da bertikalean, bai, ezustean hartu dut, eta ilusioa egin dit”
“Behin dortsala jartzen dudanean beti gustatzen zait gauzak ondo egitea. Gorantz indarra badudanez ondo noa. Larunbateko bertikalean emaitza bide horretatik etorri zen. Domekan bestelako kontuak izan ziren: aldaketak eta jaitsieretan egiten dut huts mendi eskian, asko daukat fintzeko horretan. Baina halere asko gozatu dut asteburu osoan”
“Mendi lasterketen 2018 denboraldian iazko esperientziak errepikatzea da helburua, bidearekin gozatzea emaitzen gainetik. Gero egia da esperientziak onak badira, emaitzak ere onak izan daitezkeela. Zegama-Aizkorri, Dolomites, Livigno, La Sportivaren Mountain Running Cup zirkuitua,... izango dira jomuga nagusiak. Eta Kilimon Trail ere! Mendaroko proba, etxekoa. Ea guztiarekin disfrutatzen dudan”.

karolo bandres lariz maiora jaitsiera emf

karolo bandres irabazleak lariz solajpg