Kirolak

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

haundi vs reala omar aizpuruHaundik Idiazabalen jokatu zuen partidan bi taldeen "haserrea eta amorrua" eragin duen erabakia hartu zuen Manuel Sarrion Gonzalez epaile andaluziarrak. Zelaira atera aurretik ondoko agindua eman zien jokalariei: "Norbaitek euskaraz hitz egiten badu, kalera joango da".

Erregional Preferente mailako partida jokatu zuten Elgoibarrek eta Idiazabalek Arizkorreta futbol zelaian, zapatuan, eta bi taldeetako jokalariek ezin izan zuten euskara erabili euren artean berba egiteko. El Mundo Deportivo hedabidea izan da gertatutakoaren berri ematen lehena. Matias Aranburu Idiazabal Kirol Elkarteko presidentearen hitzak bildu ditu egunkariak: “Hitz batzuk ulertzen dituela bai, baina ez zela irainak eta bestelakoak ulertzeko gai izango esan zuen epaileak. Harro antzera hitz egin zuen, eta jokalariak kanporatzeko mehatxu egin zuen. Guk esan diogu hemen beti euskaraz egiten dela, eta irainik egonez gero, ulertuko zituela, baina alferrik izan da”. Omar Aizpuru Haundiko entrenatzaileak antzeko adierazpenak egin ditu Twitter sare sozialaren bidez: "Nire haserrea erakutsi nahi dut, gaur preferente mailan idiazabal-elgoibarren partiduan epaile andaluziat batek, euskaraz hitz egitea kaleratze batekin zigortuko duela esan digulako", idatzi du. Oihartzun zabala izan du Aizpururen mezuak.

Gertatutakoa salatu du Markel Olano Gipuzkoako aldun nagusiak ere. Twitter bidez, babesa adierazi die jokalariei. "Gipuzkoako gizartea etorkizunera begira hasi denean horrelako jarrerekin atzera begiratu behar izatea tristea da benetan" jaso du zabaldutako mezuan.

• Salaketa elkarrekin

C.D. Elgoibarreko presidente Jon Basurtok jakinarazi duenez, salaketa gutun bat idaztea adostu dute Idiazabaleko presidentearekin berba egin eta gero. Gipuzkoako Futbol Federaziora eta epaileen batzordera bidaliko dute gutuna eta gai honi jarraipena egiteko asmoa dute. Epailearen erabakiak ezustean harrapatu zituela esan du Basurtok, "inork ez zuen halakorik espero, baina partida bertan behera lagatzeko nahikoa arrazoi zela uste dut. Epaileak esandakoak jokoz kanpo laga zituen jokalariak eta ez zuten nola erreakzionatu jakin. Epailea da agintzen duena eta hark esandakoari kaso egiten diote jokalariek, are gehiago gazteak badira. Halaxe egin zuten eta ez zuten euskararik erabili partidan", azaldu du Basurtok.

Jokaera 'xelebrea'

Epaileak jokamolde "xelebre" gehiago ere izan zituela gaineratu du Basurtok. "Honela esan zien jokalariei partida hasi baino hamar minutu lehenago: 'Hemen gauzak nire jaioterrian egiten diren moduan egingo ditugu, denok elkarrekin irtengo gara eta zaleak agurtuko ditugu'. Championseko partida bat jokatu behar genuela ematen zuen eta ez erregionaleko partida bat. Halako partidetan jokalariekin batera irteten diren umeak eta Txapeldunen Ligako ereserkia bakarrik falta ziren", esan du Basurtok ironia puntuaz. Era berean, honakoa ez dela epaile honek euskaraz berba egitea galarazten duen lehen aldia dioten mezuak jasotzen ari dira azken orduetan. "Hondarribian, kadete mailako partida batean ere eman ei zuen agindu hori eta baita Orion ere, Omarri, Haundiko entrenatzaileari, ailegatu zaizkion mezuen arabera. Ez dakiguna da, salaketarik jarri zuten ala ez. Guk jarriko dugu".

C.D. Elgoibarren gaitzezpen idatzia

Idiazabalen eta Haundiren arteko partidako gertaerak gaitzesteko idatzia zabaldu du C.D. Elgoibarren sare sozialen bidez. Idatziaren arabera, epaileak izandako jarrera salatu nahi dute eta jasandako mehatxuekiko haserrea eta gaitzespena erakutsi.
"Klubak euskararekiko konpromezu eta jarrera garbia erakutsi eta euskararen erabilera sustatzen jarraituko du gure entrenatzaile, jokalari eta kluba osatzen dugun guztion artean. Lanean gaude eta lanean jarraituko dugu euskara bultzatuz bai futbola eta baita eguneroko bizitza euskaraz egin ahal dezagun", dio idatziak..

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza