Nerea Sasiainek Gipuzkoako errekorra ondu du 400 metroko lasterketan

Barren.eus 2018ko ots. 12a, 11:59

Mintxeta atletismo taldeko saltakari Nerea Sasiainek 20 urtez azpikoen Gipuzkoako errekorra ondu du 400 metroko lasterketan.

Nerea Sasiainek 57 segundo eta 43 ehunekotan eman zizkion bi itzuli Anoetako belodromoko pistari zapatuan. Denbora horrekin 400 metroko lasterketako Gipuzkoako errekorra ondu du, jubenil eta junior mailetako errekorra, hain zuzen ere. 

Espainiako txapelketan parte hartzeko gutxieneko marka lortua badauka ere, marka hori hobetzeko helburuarekin hartu zuen parte Nerea Sasiainek Donostiako proban. Zenbat eta marka hobea izan abantaila baita Espainiako txapelketarako, serietan hobeto kokatua egoteko, besteak beste. Bere asmoa ez zen Gipuzkoako errekorra ontzea, marka zein zen ere ez zekiela aitortu baitu. "Proba amaitu ostean federazioko norbait hurbildu zitzaidan errekorra egin nuela esatera. Ezustekoa izan zen, baina pozik nago". Sasoi puntuari eutsi eta Espainiako Txapelketan ahalik eta hobekien lehiatzea da Sasiainen helburua. Gipuzkoako txapelketan parte hartu ala ez zalantzan dago. "Entrenatzaileak atseden hartzea ondo etorriko zaidala esan dit eta nire esku laga du parte hartu ala ez. Oraindik ez dut azken erabakia hartu. Euskadikoan badaukat lehiatzeko asmoa", esan du.

Mintxeta Atletismo Taldeko antxitxikari gehiagok ere parte hartu zuten Donostian jokatu zen atletismo jardunaldian. Hona egin zituzten markak:

  • Iosu Sanchez Reyna 60 metroko proban - 7.72
  • Eider Iglesias Alconero 60 metro - 8.33
  • Martin Hernandez Beitia 400 metroko proban - 52.22
  • Ander Armendia Gabilondo 400 metrotan - 52.99
  • Nerea Sasiain Uranga 400 metrotan - 57.43
  • Iñaki Beasain Ayerbe 1.500 metroko proban - 4:38.15
  • Aner Gallastegi Montero 1.500 metrotan - 4:57.46

• Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak
Neguko denboraldiari amaiera emateko, pista estaliko Gipuzkoako Atletismo Txapelketan parte hartuko dute Mintxetako atletek otsailaren 17an eta 18an. Eta sailkatzea lortzen dutenak pista estaliko Euskadiko Txapelketan lehiatuko dira otsailaren 24an eta 25ean. Espainiako txapelketa, berriz, Malagako Antequera hirian jokatuko da aurten, martxoaren 10ean eta 11n. Martin Hernandezek eta Nerea Sasiainek Espainiako Txapelketarako gutxieneko markak lortuak dituzte.

∞ Lotura duten albisteak: