Juan Muguerza Nazioarteko Krosaren historia jasotzen duen Gazelen Hatsa liburua aurkeztu zuten barixakuan Elgoibarko Kultur Etxean. Mintxeta Atletismo Taldeko eta 75. Urteurreneko Batzordeko kiedeek eta Elgoibarko alkate Ane Beitiak aurkeztu zuten liburua Eduardo Arrillaga argazkilariarekin batera. Hitzaldi gelan aurkeztu zuten liburua aretoa bete zuten lagunen aurrean. Aurkezpena amaitu ondoren erakusketa gelara jaitsi ziren denak eta argazki erakusketa inauguratu zuten. Otsailaren 25era bitartean egongo da ikusgai Kultur Etxeko erakusketa gelan.
• Juan Muguerzari eskainitao txokoa
Krosari izena ematen dion Juan Muguerza Sasietari (Elgoibar, 1900 - Mungia, 1937) eskainitako txoko bat dago erakusketan. "Mereziko luke erakusketa propio bat edo argitalpen xumeren bat, besterik ez bada ere. Sarritan izaten dugu denok ahotan gure txapelduna, baina ez zaio ganorazko errekonozimendurik egin nere ustetan. Hori dela-eta, Mugertzari eskainitako mahai bat jarri dugu erakusketan, bere bizitzari buruzko pintzelada batzuekin eta argazkiekin, horietako batzuk ezezagunak". Juan Muguerzaren argazkiak lokalizatu dituena Felix Astigarraga izan dela nabarmendu du Sarasuak. Donostiako Kutxatekan lokalizatu zituen. Horietako batzuek identifikatu eta argitaratu gabe zeuden argazkiak. Esaterako, aurtengo krosa iragartzeko kartelean erabili zuten argazkia. Iturriekin jarraituz, azkuetarren argazki artxibotik argazkirik mitikoenak ere berreskuratu dituzte erakusketarako, tartean Mamo Wolde San Pedroko tximiniaren aurrean ageri den argazki ezaguna, baina argitaragabeko pare bat argazki ere badaude. Azkenengo garaiko argazkiak, Mintxetakoak, ere badaude ikusgai Kultur Etxean, eta baita Krosaren Galan ateratako argazkiak ere, Sarasuaren berbetan krosaren historia baitira dagoeneko.
Erakusketa xume baina osoa prestatu dutela uste du Sarasuak. Elgoibarko Udalari, Mintxeta Atletismo Taldeari, Ego Toki elkarteari eta 75. urteurreneko ospakizunez arduratu den batzordeari eskerrak eman dizkie, eman dieten babesa, laguntza eta erakusketa osatzeko informazio guztiagatik. "Erakusketa hau Elgoibarko herriari eta elgoibartarrei eskaini nahi diegu, gu geralako karrera hau hasieratik mantendu dugunak. Proba antolatzen ibili direnetako batzuek ezagunak dira, baina beste jende askok ezkutuan lan mordo bat egin du eta egiten jarraitzen dute. Lasterketa ikustera joaten diren ikusleek ere merezi du errekonozimendua, nola ez, beraiek gabe ez baitago karrerarik".
∞ Lotura duten albisteak: