Alex Ruiz: "Benetako derbia izango da Eibarren aurkakoa"

Barren.eus 2018ko ots. 1a, 13:49

Bolada onean dago Haundi, lau partida jarraian irabazita, sailkapeneko laugarren postuan. Zapatuan bigarren sailkatuaren bisita jasoko dute Mintxetan, Eibar Urko taldearena. Derbiaz eta denboraldiaz berba egin du BARRENekin Haundiko kapitain Alex Ruizek.

-Ligako lehen itzulia laugarren postuan amaitu duzue, 31 punturekin (9 partida irabazi, 4 berdindu eta 5 galdu). Aloña Mendi liderrak 37 puntu ditu eta Eibar Urkok 36. Egiguzu orain artekoaren balorazioa.

Ez ginen espero genuen bezain ondo hasi, bi berdinketa eta porrot batekin hasi genuelako liga. Egoerari buelta eman eta lau partida jarraian irabazi bagenituen ere, txakalaldia izan genuen eta bi partida galdu genituen. Bolada onean gaude orain, azken lau partidak errenkadan irabazita, azkena Azkoitian Lagun Onaken aurka. Orain artean bolada on eta txarrak tartekatu baditugu ere, espero dut aurrerantzean garaipenak bakarrik pilatzea. Gure multzoan lehen postuan sailkatzen denak zuzenean lortuko du igoera. Bigarrenak kanporaketa jokatu beharko du beste multzoko talde baten aurka; eta, aukera dago hirugarren sailkatuak ere kanporaketa jokatzekoa, guztiz ziurra ez bada ere.

-Denboraldi hasieran maila igoera lortzeko faboritoak izatearen presioa nabaritu zenuten?
Hori baino gehiago, iazko denboraldiko dinamikari buelta ematea izan zen zailena. Partida gutxi irabazi genituen maila galdu genuen urtean eta zaila da joera hori iraultzea. Gainera, entrenatzaile eta jokalari berriak etorri ziren taldera, eta denbora behar genuen denok elkar ezagutzeko. Faborito izatearena gehiago da kanpotik jendeak uste duena talde barruan sentitzen duguna baino. Maila galdu duen taldeak ez dauka zertan igoera berehala lortu, zuhurrak izatea komeni da. Gure buruari presioa jartzeak ez du ezertan laguntzen.

-Lehen sailkatuekiko aldea murrizteko partida garrantzitsua jokatuko duzue zapatuan Mintxetan, Eibar Urkiren aurka.
Demaseko gogoa daukagu partida hori jokatzeko, arrazoi askorengatik: Eibarren jokatu genuen Ligako lehen partidan 2 eta 0 irabazi zigutelako, bost puntuko aldea ateratzen digun aurkari zuzen bati abantaila murrizteko aukera ematen digulako... Benetako derbia izango da.

-Hortaz, Elgoibar eta Eibarren arteko norgehiagoka nabari da oraindik ere.
Bai, badago pike sano hori. Debabarreneko taldeen aurkako partidetan igartzen da lehia. Harmailetan ere ohi baino jende gehiago batzen da. Ziur zapatuan ere jendea etorriko dela Eibartik. 

-Nolakoa da Haundik egiten duen futbola?
Fisikoan oinarritutako futbola egiten dugu. Korrika asko egiten dugu, gazteak garelako eta anbizio handia dugulako. Igoeragatik lehiatzeko gosez dagoen taldea gara. Nik 26 urte ditut, eta beteranoetarikoa naiz. Batez beste 23 bat urteko taldea gara.

-Jokalari elgoibartarren aldeko apostua egin du zuzendaritzak.
Erabat ados nago filosofia horrekin. Une honetan 13 edo 14 jokalari elgoibartar gaude taldean. Beti kritikatu izan dugu Haundin ez zegoela Elgoibarko jenderik eta horregatik ez zela ikuslerik joaten. Urteetan errepikatu den leloa izan da hori. Beste talde batzuk, Mutrikuk, Lagun Onakek, Anaitasunak edo Eibarrek egin duten moduan, herriko jokalarien aldeko apostua egin da eta pazientzia pixka batekin funtzionatuko du. Gainera, harrobiko jokalarientzat pizgarria da lehen taldera ailegatu daitezkeela ikustea. Zaleekin ere beste lotura bat sortzen da, eta jokalarien lagunekin bakarrik bete egiten dira harmailak. Aurten, denboraldi hasieratik izan dugu zaleen babesa. Guk gurea egiten badugu, lan egin eta gogoa jarri, zaleak hor izango ditugu.

-Zer eman dizue entrenatzaile berriak, Omar Aizpuruk?
Jokalariokin daukan tratua nabarmenduko nuke. Oso da gertukoa eta taldea bat eginda egoten laguntzen du bere izaerak. Gogo eta konpromiso handia nabari zaizkio.

 alex ruiz haundi cd elgoibar kapitaina