Sebastian Coe IAAFeko presidenteak ere badu Mugertza krosari buruzko liburua

Barren.eus 2018ko urt. 25a, 15:30

Nazioarteko Atletismo Federazioko (IAAF) presidente Sebastian Coe ahalguztidunaren eskuetara ere ailegatu da Mugertza krosaren 75 urteei buruzko liburua: Gazelen Hatsa. Bestetik, Mugertza krosari buruzko laugarren argazki lehiaketa martxan dela jakinarazi du Mintxeta taldeak.

Atletismoaren munduan izen handia du Sebastian Coek. Txapeldun olinpikoa izan zen birritan 1.500 metroko proban, 1980an eta 1984an. Gainera, Nazioarteko Olinpiar Batzordeko presidente izateko hautagaietako bat da ingelesa. Coek Zigor Diezen eskutik jaso zuen Gazelen Hatsa liburua, Sevillan, krosak ikusgarriago nola bihurtu eztabaidatzeko batu baitziren bertan kros antolatzaileak IAAFeko buruekin. Kros antolatzaileek eta federazioko arduradunek pistan jokatzen diren atletismo proben parean jarri nahi dute krosa, haien oihartzun bera izan dezaten krosek. Hori dela-eta, atletentzako, ikusleentzako, babesleentzako eta telebistentzako krosa erakargarriago nola egin aztertzen dihardute. Kros lasterketen Munduko Liga antolatzea izan da hartu duten lehen erabakietako bat. Hurrengo denboraldian jarriko dute abian, eta Diamond League moduko txapelketetan oinarritu dira. Hala, denboraldi amaieran puntu gehien batzen dituen atleta izango da onena. Zigor Diezek Italicako krosean parte hartu behar zuen Lilian Rengeruk atletari zapatilla itzultzeko ere baliatu zuen Sevillara eginiko bidaia, Mintxetako lokatzetan galdu baitzuen oinetako bat atleta kenyarrak. 

2018 01 25 iaaf cross sevilla fran aguilera wangconnection

• Mugertza krosari buruzko argazki lehiaketa
Mugertza krosari buruzko laugarren argazki lehiaketa martxan dagoela jakinarazi dute Mintxetakoek. Otsailaren 16rako entregatu behar dira lanak honako helbidean: Mintxeta Atletismo Taldea. 20 Posta kutxatila. 20870 Elgoibar. Parte hartzaile bakoitzak hiru argazki aurkeztu ditzake, gehienez. 300 puntu hazbeteko (dpi) bereizmena izan beharko dute eta JPG formatoa.
Lehiaketara aurkeztutako lanak Tantaka tabernako hormetan zintzilikatuko dituzte otsailaren 26tik aurrera. Martxoaren 15era arte egongo dira ikusgai bertan eta gustokoenari botoa emateko aukera izango dute herritarrek. Ikuslearen saria jasotzen duen argazkiaren egileak 100 euroko saria jasoko du. Epaimahaiak emango ditu lehen saria (200 euro) eta bigarrena (100 euro).

 ∞Lotura duten albisteak:

mugertza elgoibar arg lehiaketa irabazleak