Asobal Ligan diharduten Bidasoak eta Ciudad de Logronok lagunarteko partida jokatuko dute Elgoibarren

Barren.eus 2018ko urt. 22a, 15:42
Goi mailako eskubaloiaz gozatzeko aukera izango da, beste behin ere, Elgoibarren. Asobal Ligako bi taldek, Bidasoak eta B.M. Logroño La Riojak, lagunarteko partida jokatuko dute zapatuan, IMH kiroldegian. Eskubaloiarekin jarraituz, Sanloko Alcorta taldeak garaipen argia lortu zuen asteburuan, eibartarren aurkako derbian.
Sanlo Eskubaloi Taldeko arduradunek jakinarazi dutenez, hartu-eman onak dituzte Errioxako Ciudad de Logroño taldeko arduradunekin. Duela denboraldi batzuk Imanol Garciandia jokalaria fitxatu zuten errioxarrek Sanlotik eta Unai Arrieta jokalari ohiak ere Logroñoko taldean amaitu zuen bere kirolari profesional ibilbidea. Harreman on horri esker, Elgoibarren jokatuko dute datorren zapatuan, urtarrilaren 27an lagunarteko partida C.B. Bidasoak eta Ciudad de Logroñok. Asobal Ligan lehiatzen dihardute biek. Errioxarrak 8. postuan daude sailkapen nagusian, 15 jardunaldi jokatu eta gero eta 11. postuan sailkatuta daude irundarrak. Selekzioen Europako Eskubaloi Txapelketa jokatzen ari dira egunotan Kroazian, urtarrilaren 28ra bitartean, eta txapelketa amaitu artean etenaldia izango du Asobalek. Sasoia ez galtzeko lagunarteko partida izango da Elgoibarren jokatuko dutena. Urtarrilaren 27an jokatuko dute partida, 19:30ean, IMH kiroldegian. Ez dute sarrerarik kobratuko.
• Alcorta Forging Group nagusi derbian
Sanloko senior gizonezkoen talde nagusiak, Alcorta Forging Groupek, garaipen erosoa lortu zuen Somos Eibar taldearen aurka, joan den asteburuan, Olaizaga kiroldegian jokatu zuten derbian. Elgoibartarrek 26 eta 18 irabazi zuten partida (Sanlok Youtuben duen kanalean ikus daiteke osorik partida). Garaipen garrantzitsua izan da elgoibartarrentzat, sailkapenean 12. postuan baidaude, 11 punturekin.
Senior emakumezkoen Lauko taldeak ere etxea jokatu zuen ligako partida, eta denboraldiko lehen porrota jaso zuten. Gol bateko aldeaz galdu zuten Oñatiko Aloña-Mendi taldearen aurkako norgehiagoka, 15 eta 16ko emaitzarekin (partida Youtuben). Lauko sailkapeneko laugarren postuan dago, 15 punturekin. Zazpi partida irabazi, lau berdindu eta bakarra galdu dute orain arte.
 
Logrono Bidasoa asobal elgoibar sanlo