Eibartrans-Gobike taldeak hiru txirrindulari elgoibartar izango ditu aurten ere

Barren.eus 2018ko urt. 17a, 11:36

Eibartrans-Gobike Master mailako txirrindulari taldeak denboraldi berrirako osatu duen taldea aurkeztu zuen zapatuan Elgoibarren, taldeko babesle nagusiak herrian kokatutako enpresak baitira. Hiru txirrindukari elgoibartar daude taldean.

Iaz moduan, Ramon Garcia, Iban Gonzalez eta Iñigo Lariz izango dira Eibartrans-Gobike taldeko hiru txirrindulari elgoibartarrak. Master Mailan diharduen Gipuzkoako talde bakarra da eta txirrindulari gipuzkoarrek, nafarrek eta bizkaitarrek osatzen dute taldea. Denboraldi honetarako helburua Euskal Herriko Master mailako lasterketen egutegia osatzea izango da, baina Euskal Herriko mugetatik kanpo jokatzen diren proba esanguratsuenetan ere hartuko dute parte, besteak beste, Tarazonako Challengean, Tafallan, Soriako eta Gaztela Leoiko itzulietan edo Espainiako txapelketan. Azken txapelketa horretan, meritu handiko seigarren postua lortu zuen iaz Ramon Garcia elgoibartarrak, Master 30 kategorian. 

Eibartrans enpresak Elgoibarren duen egoitzan aurkeztu zuten taldea joan den Otsailaren 10ean hasiko da denboraldia Laudion, txirrindulari elgoibartarrek emaitza onak lortu dituzte poban; iaz hirugarren egin zuen Iñigo Larizek eta duela bi urte garaipena eskuratu zuen Ramon Garciak.

eibartrans gobike master