'Gazelen Hatsa’, krosaren historia, testigantzak eta irudia batzen dituen liburua

Barren.eus 2018ko urt. 11a, 15:18

Mintxeta Atletismo Taldeak Mugertza krosari buruzko liburua aurkeztu zuten eguaztenean: Gazelen Hatsa. Barixakuko Galan eta Domekan Mintxetan  jarriko dute salgai.

Gazelen Hatsa liburuak bi zati ditu, ongi bereiziak. Batean, Eduardo Arrillaga argazkilari elgoibartarrak 1993tik iaz arte krosean ateratako argazkien aukeraketa dago. Arrillaga Lerunetik Mintxetara lekuz aldatu zutenean hasi zen krosean argazkiak ateratzen. "Mintxeta kirol guneko azpiegiturak bukatzeke zeudenean hasi nintzen, eta sasoi hartan Gurutze Gorriko kide moduan joaten nintzenez, erretratuetan boluntarioek egiten duten lanaren ikuspuntua jasotzen nuen, batik bat, lehen urteetan. Hasieran ez bainuen argazkiokin libururik ateratzeko asmorik. Gero konturatu nintzen krosaren inguruan lan polit bat egiteko lehengaiak zeudela", azaldu du Arrillagak. Ikuspuntu artistiko batetik ateratako argazkiak dira eta atletez gainera, zaleak, antolatzaileak eta Gurutze Gorriko kideak ere badira argazkietako protagonista.

• Inon argitaratu gabeko irudi eta testuak

Liburuaren bigarren zatian, berriz, krosaren historiari egiten zaio errepasoa, protagonisten ahotik eta lumatik. Izan ere, krosaren inguruko dokumentazio handia dagoela azaldu dute Mintxetakoek. "Inon argitaratu gabeko hainbat argazki harrigarri, atletek idatzitako eskutitzak eta elkarrizketa asko topatu ditugu artxiboetan, Juan Mugertza berari garaiko egunkari batean eginiko elkarrizketa bat, esaterako. Heritarrek euren familiako argazki bildumetarako argazkiak laga dizkigutela izan da garrantzitsuena. Julian Azkuek ere argazki asko laga dizkigu. Testu eta irudi horiekin krosaren historia jaso nahi izan dugu, baina oso modu ezberdinean, ez da elkarte edo kirol talde baten historia jasotzen duen ohiko liburu bat. Gainera, Mugertza krosak dituen balioak: elkarlana, boluntarioen lana, herritarren abegikortasuna, enpresen inplikazioa... goraipatu ditu liburuak", azaldu dute Mintxetako kideek. Eduardo Arrillagaren esanetan, liburua amaitzeko aukeratu dituzten Mamo Wolderen berbek laburtzen dute krosaren zerizana. "Gaixorik zegoen arren garaipena lortu zuen Woldek Elgoibarrera etorri zen azken aldian. Lasterketa guztian zehar 'Mamo, Mamo...' animo oihuak entzutea bere gaitzarentzako sendagairik onena izan zela esan zuen amaieran, irabaztea beste aukerarik ez zuela eta garaipena ez zela berea Elgoibarko herriarena baizik".

• Erakusketa otsailean
Artxiboko edukiez gainera, libururako propio idatzitako testuak ere jaso dituzte, hala nola, Mamo Wolderen senideek idatzitakoa, 40 urtean Elgoibarrera etorri zen Alan Warner entrenatzaile ingelesarena edota Juan Mari Iriondo, Koldo Lizarralde eta Aitor Zabala elgoibartarren iritzi artikuluak, besteak beste. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez idatzita dago.
Domekan salgai jarriko dute liburua Mintxetan. 1.000 ale inguru kaleratu badituzte ere, erdiak jarriko dituzte salmentan. Otsailean, berriz, liburuan jasota dauden hainbat argazki Kultur Etxean egingo duten erakusketan ikusteko aukera izango da. Era berean, leku faltagatik liburuan sartu ezin izan dituen argazkiekin zenbait bideo osatu ditu Arrllagak, eta Pilon Burger jatetxeko erakusleihoan jarriko ditu ikusgai urte osoan. 

mugertza krosa elgoibar aurkezpena gazelen hatsa lib