Goi mailako parte hartzea izango du Mugertza krosaren 75. ekitaldiak

Barren.eus 2018ko urt. 10a, 14:55

Olinpiar Jokoetako bi txapeldun izango dira domekan Mintxetan: Ruth Jebet (Bahrein, 1986) eta Conseslus Kipruto (Kenya, 1994). Espero zitekeen moduan goi mailako parte hartzea izango du Juan Muguerza Nazioarteko Krosaren 75. ekitaldiak. Gizonezkoen senior proban Elgoibarko krosa irabazi duten hiru txapeldun lehiatuko dira: Leonard Komon, Timothy Toroitich eta Conseslus Kipruto.

Juan Muguertza Nazioarteko krosa aurkeztu dute eguerdian Elgoibarko udaletxean. Ospakizunez beteriko krosa izango da aurtengoa, 75. ekitaldia baita. Gainera, IAAF egutegiaren barruan ospatuko du urteurrena, beste behin ere, 2015ean eta 2016an ere krosaren elitean egon baitzen. Kros lasterketen "Txapeldunen Liga" modukoa da IAAF egutegia, Munduko zazpi kros onenek osatzen baitute, eta horien artean dago denboraldi honetan Mugertza krosa.

IAAF Nazioarteko Atletismo Federazioko buruzagiak eurak ere harrituta daudela aitortu dute gaurko aurkezpenean, harrigarria dela uste baitute 11.000 biztanle pasatxoko herri batek nola antolatu dezakeen munduko krosik onenetariko bat. "Eta zergatik ez, lanak ondo eginez gero" dio Zigor Diez Mintxetako kideak IAAFeko ordezkarien harriduraren aurrean. Hortaz, lanaz, asko dakite Mintxetako kideek zein Ego Toki atletismo elkartekoek. Izan ere, C.D. Elgoibarrek 1943an estreinakoz antolatu zuen krosari 75 urtean eragin eta eusteko erruz egin behar izan dute lan. Zaila da ulertzen bestela nola jarraitu duten krosa antolatzen krisi ekonomiko gogorrak izan diren urteetan. Erakundeak -Udala, Diputazioa eta Jaurlaritza- eta babesleak lagun izan dituzte bidean eta baita boluntario andana luzea ere. Hain zuzen, horiek guztiei esker ona adierazteko egingo dute Krosaren 75. Urteurreko Gala, barixakuan, Herriko Antzokian (20:00).

Elgoibarko alkate Ane Beitiak adierazi du ohore bat dela Elgoibarren izena munduan barrena zabaltzen duen krosa antolatzen laguntzea, eta 75. urteurrenera ailegatzea "hunkigarria" dela esan du. "Asko diegu eskertzeko antolatzaileei eta horiei laguntzen ibiltzen diren lagun anonimo guztiei 75 urtean eragin eta eragin jardun dutelako. Mila esker eta zorionak guztioi".

• Atleta esanguratsuenak

Domekan Mintxetako zirkuituan lehiatuko diren atleta esanguratsuenen berri eman du Mintxetako kide Zigor Diezek.

  • Emakumezkoen senior lasterketan Ruth Jebet izango da proba irabazteko faborito nagusietakoa. Keniar jatorriko atleta bahraindarrak 3.000 metro oztopoetako proba irabazi zuen 2016an Rio de Janeiron jokatu ziren Olinpiar Jokoetan. Proba horretako Munduko errekorraren jabe da. Iaz txapeldunorde izan zen Elgoibarren Senberi Teferi irabazlearen atzetik. Gero, iazko martxoan, zazpigarren postua eskuratu zuen Munduko Kros Txapelketan, Ugandan.
  • Lilian Kasait Rengeruk (Kenia, 1997) izango du aurkarietako bat Jebetek. Brontzezko domina irabazi zuen Munduko Kros Txapelketan eta aste honetan bertan Campaccioko krosa irabazi du Italian. "Indartsu eta gogotsu" ailegatuko dela Elgoibarrera nabarmendu du Zigor Diezek.
  • Proba irabazteko beste faborito bat izango da Letesenbet Gidey (Etiopia, 1998). 5.000 metroko lasterketako finalean parte hartu zuen Munduko Atletismo Txapelketan, joan zen udan Londresen. Gainera, birritan irabazi du Munduko kros txapelketa, junior mailan, 2015ean eta 2017an. "Urteak generamatzan Gidey Elgoibarrera ekartzeko gogoz, txapeldun handiak izateko dohainak dituzten gazteak ekartzea gustatzen baitzaigu, oraindik ezagunegiak ez direnean", azaldu du Diezek. Bitxikeria modura, Trihas Gebre jaio zen herri berekoa dela gaineratu du.
  • Trihas Gebre (1990, Euskadi) ere Mintxetan izango da, eta katarro bat gorabehera, sasoi betean, Amorebietako krosa irabaztetik baidator Donostian errotutako jatorri etiopiarreko atleta. Iaz Elgoibarren parte hartu ostean, Espainiako Kros Txapelketa irabazi zuen eta 15. postua lortu zuen Munduko Kros Txapelketan.

Gizonezkoen senior proban Mugertza krosa irabaztea zer den badakiten hiru atleta afrikar batuko dira irteeran: Krosaren aspaldiko ezaguna den Leonard Komon (Kenia, 1988), Conseslus Kipruto (Kenya, 1994) eta Timothy Toroitich (Uganda, 1991). Komonek, Kiprutok eta Toroititchek ez dute, baina, Elgoibarko podiouma ezagun izanagatik ez dute garaipena ziurtatua, ezta urrik eman ere. Aurkari gogorrak izango dituzte.

  • Krosa hiru aldiz (2008, 2010 eta 2011) irabazi duen Leonard Komonek (Kenia, 1988) harreman estua izan du krosarekin eta antolatzaileekin, Elgoibarren eman baitzen ezagutzera artean oso gazte zela. "Zahartu egin da Komon, 29 urte dauzka, eta errepideko lasterketetan lehiatzen da krosetan baino gehiago, baina hala eta guztiz egon beharra zuen 75. edizioan", esan du Diezek.
  • Conseslus Kiprutok (Kenia, 1994) ere ondo baino hobeto ezagutzen ditu Mintxetako aldapak. Bera izan zen irabazlea 2013an eta iaz eta 2014an hirugarren postuak eskuratu zituen Elgoibarren. Kiprutok demaseko palmaresa du. 3.000 metroko lasterketan txapeldun olinpikoa izateaz gainera, Munduko txapelketa irabazi zuen iaz Londresen.
  • Timothy Toroitich (Uganda, 1991) 2014ko irabazlea Amorebietako krosa irabaztetik dator eta 9. postuan sailkatu zen iaz, bere herrialdean jokatu zen Munduko Kros Txapelketan.
  • Abadi Hadisek (Etiopia, 1997) brontzezko domina lortu zuen Munduko Kros Txapelketan eta zazpigarren postua 10.000 metroko proban, Munduko Atletismo Txapelketan, Londresen.
  • Selemon Barega (etiopia, 2000) Venta de Bañoseko krosa irabaztetik dator.
  • Jacob Kiplimo (Uganda, 2000) ere oso kontutan hartzeko atleta izango da, junior mailako Munduko Kros Txapelduna baita. Denboraldi honetan txapeldunorde izan da Venta de Bañosen eta Atapuercan.

• Parte hartze errekorra

Zigor Diezek aurreratu duenez, sekula baino atleta gehiagok parte hartuko dute aurtengo krosean, 900 lagun inguruk hamar lasterketetan. 10:00etan hasiko da lehena. Mamo Wolde Gipuzkoa sariaren 16. edizioan ere inoiz baino herrialde gehiagoko ordezkariak egongo dira, Ingalaterra, Frantzia, Italia, Belgika eta Portugalgo atletak espero baitituzte Espainiako Autonomi Erkideko guztietako -Kanariar Uharteetakoak izan ezik- atletekin batera.

• Atletei harrera ofiziala eta umeentzako lasterketak

Asteburu horretan bertan, larunbat goizean, txikienak jaun eta jabe izango dira, Danobaten laguntzari esker, Elgoibarko kaleetan izango den haurrentzako atletismo jaian, 10:30etik 13:00etara. Asteburuari bukaera emateko, urtero bezala, harrera ofiziala egingo zaie atletei Udaletxean, 19:30ean, Haritz Euskal Dantzari taldearen parte hartzearekin.

Informazio osoagoa: mintxeta.com

mugertza krosa elgoibar aurkezpena erakundeak

mugertza krosa elgoibar aurkezpena batzordea

mugertza krosa aurkezpena pub

Lotura duten albisteak: