Elgoibar galaz jantziko da Mugertza kroseko irabazleei eta herritarrei esker ona erakusteko

Barren.eus 2018ko urt. 8a, 15:37

Mugertza krosaren astea izango da honakoa, eta ez nolanahikoa, 75. Mugertza krosa egingo baitute domekan Mintxetan. Eguaztenean aurkeztuko dute krosa udaletxean, eta bertan emango dituzte ezagutzera Elgoibarrera etorriko diren atleta esanguratsuenak. Barixakuan, berriz, Krosaren 75. Urteurreko Gala egingo dute Herriko Antzokian, eta hor txapeldun ohiek parte hartuko dute. Mintxetakoek eman dute jakitera etorriko direnen zerrenda.

75. urteurreneko ospakizunez arduratzen ari den lantaldeak aurreratu duenez, Mugertza kroseko txapeldun ohiak, 75 urteotako irudiak eta ezustekoak izango dira Krosaren 75. Urteurreko Galan. Barixaku honetan, urtarrilaren 12an, izango da Elgoibarko Herriko Antzokian. 19:30ean zabalduko dituzte ateak eta 20:00etan hasiko da ekitaldia. Sarrera dohainik izango da, herritarrez bete nahi baitute antzokia. "Herriari eskerrak eman nahi dizkiogu gala honen bitartez, herritarren laguntzarik gabe ez ginatekeelako 75 urte betetzera ailegatuko. Babesleak eta erakundeak ere funtsezkoak izan dira eta horiek ere jasoko dute merezi duten errekonozimendua", nabarmendu dute antolatzaileek. 

Txapeldun ohiak (ikus palmaresa) ere gonbidatu dituzte Galara, eta horiek ere jasoko dute antolatzaileen esker ona. Hona hemen etorriko direla baieztatu duten txapeldunen zerrenda:

  1. Maniano Haro
  2. Lucas Larraza
  3. Benito Alday
  4. Ana Isabel Alonso
  5. Coro Fuentes
  6. Antonio Serrano
  7. Antonio Prieto
  8. Alejandro Gómez
  9. Carmen Valero
  10. John Ngugi
  11. Ezequiel Canario
  12. Montserrat Abelló
  13. Pilar Fernandez

• Urrezko Liburua opari
Krosa irabazitakoak diren bi atleta, Eamonn Martin eta Amelia Lorza, zapatuan ailegatuko dira Elgoibarrera, eta Belen Azpeitiaren senideek parte hartuko dute galan. Era berean, Elgoibarrera etorri ezin izan duten zenbait txapeldunek bideoz bidali dituzten agurrak emango dituzte. Lakie Stewart da horietako bat, Mugertza krosa hiru alditan (1969, 1970, 1972) irabazi zuen eskoziarra ezin izango da Elgoibarrera etorri osasun arazoegatik. Alabaina, bere semeak eginiko bost minutuko elkarrizketa eskainiko dute Galan. Txapeldun andana batuko dutenez, Urrezko Liburua oparituko diete batzuei Mintxetakoek, denek ez baitute. Mugertza krosa irabazi duten lagunen argazkiak eta horiek idatzita laga zituzten testigantzak jasotzen ditu Urrezko Liburuak. 2013az geroztik Urrezko Liburuaren erreplika ematen diete kroseko irabazleei.
• ETBren diokumentalaren estreinaldia
Antxintxikari mitikoak oholtza gainean ikusteko aukeraz gainera, Herriko Antzokiko pantaila handian ere ikusi ahal izango dira horietako batzuek Lerunen zein Mintxetan eginiko balentriak, Euskal Telebistak Mugertza krosari buruz osatu duen dokumentala estreinatuko baitute barixakuan Galan. Orduerdi inguruko iraupena izango du. ETBk lasterketa jokatu aurretik, domeka goizean, emititzeko asmoa du.

mugertza krosa elgoibar coro fuentes 1967

mugertza krosa elgoibar belen azpeitia coro fuentes